Politika
ESPAINIAKO GOBERNUA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Iturri sozialisten arabera, datorren igandetik aurrera "edozein egun da egokia" inbestidurarako. Ordurako, PSOEk militantziari Sumarrekin itxitako akordioaz egindako kontsultaren emaitzak izango lituzke.
Cerdán, Sánchez y Montero, en el Comité Federal del PSOE, el pasado sábado. Foto: Efe
Amnistia Legearen proposamena datorren astean bertan Diputatuen Kongresuan erregistratzea aztertzen ari da PSOE —Sumar, ERC, Junts, EH Bildu, EAJ eta BNGrekin batera—, ondoren, azaroaren 6ko astean, Pedro Sanchez berriro Espainiako Gobernuko presidente inbestitzeko. Hala ziurtatu zuten atzo arratsaldean iturri sozialistek.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak eta Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak Amnistia Legearen edukiari buruzko akordioa itxi dute bart, eta negoziazio taldeen esku utzi dute datozen orduetan inbestidurari babesa emateko ituna behin betiko ixtea.
Joan den larunbatean PSOEren Batzorde Federalean egindako hitzaldian, Sanchez lehen aldiz aritu zen amnistiaz jendaurrean, eta astelehenean, Santos Cerdan sozialisten Antolakuntza idazkaria Carles Puigdemont Juntseko buru eta Kataluniako presidente izandakoarekin elkartu zen Bruselan.
Keinuokin, inbestidurara begirako negoziazioak "bide onetik" doazela erakutsi nahi izan du PSOEk. Itxura guztien arabera, datorren asterako deitu nahi dute inbestidura saioa, eta Sanchez presidente lehen bozketan aukeratzea aurreikusten dute sozialistek, bigarren itzuliaren beharrik gabe.
Aipatutako iturriek nabarmendu dutenez, datorren igandetik aurrera "edozein egun da egokia" inbestidurarako. Ordurako, PSOEk militantziari Sumarrekin itxitako akordioaz egindako kontsultaren emaitzak izango lituzke.
Nolanahi ere, PSOEk ez du data zehatzik eman. Berez, Francina Armengol Kongresuko presidenteari dagokio inbestidurarako data jakinaraztea. Hainbat iturriren arabera, ostiralean egin lezake hori, egun horretarako baitaude deituta Kongresuko Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzordearen bilerak.
Badira datorren astean kontuan hartzeko bi hitzordu: batetik, Senatuan osoko bilkura dago deituta astearterako (azaroak 7), eta, bestetik, astelehenetik asteazkenera (azaroak 6-8), Espainiako errege-erreginak bidaia ofizialean izango dira Danimarkan.
Horrek esan nahi du inbestidura-saioa azaroaren 8an eta 9an egin daitekeela, eta Kongresuko presidenteak ostegun horretan bertan jakinarazi diezaiokeela bozketaren emaitza Felipe VI.ari.
Sanchezek, oraingoz, bere alderdiko 121 botoak eta Sumarreko 31k ditu ziurtatuta. Horiei ERCren (7), EH Bilduren (6), EAJren (5), BNGren (1) eta Juntseko 7 diputatuetatik gutxienez 5en babesa gehitu beharko litzaieke inbestidurak aurrera egiteko. Gaur arte, Sumar koalizioaz gain, EH Bilduk bakarrik baieztatu du aldeko botoa emango duela.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa