17:14

Politika

Polizia indarkeria

Balorazio batzordeak polizia indarkeriaren 66 biktima aitortu ditu, eta lana arintzeko erreforma bat eskatu du

Agentziak | EITB MEDIA

Batzordeko presidenteak polizia-abusuen legearen erreforma bat proposatu du, epeak eta errekurtsoak luzatzeko eta, horrela, ebazpenak arintzeko, biktimei kalte gehiago ez eragite aldera. Guztira, 66 pertsona aitortu dituzte biktimatzat, gehienak torturak jasandakoak.

  • Batzordeko presidente Juana Balmaseda, ezkerrean. Argazkia: EFE

    Batzordeko presidente Juana Balmaseda, ezkerrean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Giza eskubideen urraketaren biktima gisa aitortzeko eskaerak aintzat hartzen dituen balorazio batzordeak polizia-abusuen legea erreformatzea eskatu du. Hain zuzen ere, epeak, baliabideak eta kalte-ordainak aldatzeko proposatu du, besteak beste; hori egin ezean, bere lana "arriskuan" dagoela ohartarazi du.

Eskaera hori astelehen honetan helarazi diete Eusko Legebiltzarreko taldeei Juana Balmaseda batzordeko presidenteak eta Jon Landa organo horretako bozeramailekideak, agerraldi batean. 2022ko uztailetik 2023ko ekainera bitartean aztertutako eskaerak jasotzen dituen hirugarren txostena aurkeztu dute ekitaldi horretan.

Dokumentu horren bidez, 66 pertsona aitortu dituzte 1978 eta 1999 urteen artean izandako giza eskubideen urraketen biktimatzat, horien artean Jose Ignacio Zabala, Jose Antonio Lasa ETAko kidearekin batera GALek bahitu, torturatu eta hildako erakunde armatuko kidea; hala ere, Lasaren kasua ez da oraindik aztertu, epez kanpo egon baita.

66 biktimetatik, Zabalaz gain ("bahitua, bortxaz desagertua eta torturatua izan zen"), 49k tratu txarrak edo torturak jasan zituzten polizia-egoitzetan; 7 Poliziaren eta eskuin muturreko taldeen bala-tiroen ondorioz hil ziren; beste bat eskuin muturreko talde bateko kideen kolpeen ondorioz hil zen, bortxatua izan ondoren; lauk bala-zauriak jasan zituzten; eta beste bat gomazko pilotekin zauritu zuten.

Gainera, beste hiru biktima larri zauritu ziren ostikaden edo bestelako kolpeen ondorioz.

Balmasedak eta Landak hirugarren txosten horretan jasotako emaitzak azaldu dituzte, eta euren lana hobetu eta arintzeko proposamenak jarri dituzte mahai gainean, ebazpen-erritmoa "geldoa" dela egiaztatu ondoren. Gainera, lan-bolumenak gora egiten jarraituko duela aurreikusi dute.

Landak azaldu duenez, 2030era arte luza daiteke behar hori, biktimen kalterako, eta polizia-gehiegikerien legearen erreforma eskatu du hori bizkortu ahal izateko, epeak luzatu eta errekurtsoak areagotze aldera.

"Baliabide gehiago behar dira atzerapenik egon ez dadin, batzordea ez baita gai eskaera guztiak garaiz eta behar bezala ebazteko. Eraginkortasun-arazo bat dago, legea taxututa dagoen bezala. Epeek arazo bat sor dezakete lan-erritmoekin. Lege erreformarik gabe eta bitarteko egokirik gabe, gure lana arriskuan jar daiteke", ohartarazi du Landak.

Erreforma horretan, biktimentzako kalte-ordainak handitzeko aukera berrikustea ere aurreikusi beharko litzatekeela ondorioztatu dute, ez bakarrik zenbatekoari dagokionez, ezpada kalte-ordainak jaso ditzaketen biktimen nolakotasunari dagokienez ere; torturen eta tratu txarren biktimak aipatu ditu, adibide gisa. 

Torturen biktimei kalte-ordainak ematea

Horretarako, batzordeak arauaren 9. artikulua berrikustea eskatu du, honako hau jasotzen baitu: "Tratu txar larriak zein iraunkorrak ez diren lesioak jasan dituzten pertsonek ez dute konpentsazio ekonomikorik jasoko, nahiz eta lege honek aurreikusten dituen gainerako ondorioetarako biktima-deklarazioa jasotzeko eskubidea izango duten".

Batzordeak txostenak paperean eta formatu digitalean argitaratzeko ere eskatu du, ahalik eta erakunde eta eragile gehienengana irits daitezen, "biktima horien errealitateak ezkutuan jarrai ez dezan". Kolektibo hori aintzatesteko ekitaldi instituzional bat egiteaz gain, nazioarteko mintegi bat egitea ere proposatu du, batzorde horren existentzia eta lan egiteko modua ezagutarazteko.

Azkenik, Balmasedak batzordeari jakinarazi dio beharrezkoa dela euren lana babesten jarraitzea, hauteskunde aurreko garai honetan ere.

Alderdien babesa

Alderdietatik, parte hartu duten guztiek babesa eman diote batzordearen lanari, eta euren proposamenak aztertzeko konpromisoa hartu dute.

Iñigo Iturratek (EAJ) bere lan "serio eta sakona" babestu du, eta Miren Gallastegui sozialistak bere "independentzia eta zorroztasuna" goraipatu ditu.

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak aitortu du datorren legegintzaldian ekin beharko zaiola beharrezko lege erreformari. Bestalde, Iñigo Martinez (Elkarrekin Podemos-IU) bat etorri da batzordeari baliabide gehiago emateko beharrarekin.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena