Politika
ELKARRIZKETA, RADIO EUSKADIN
O. A. | EITB Media
Bigarren lehendakariordea eta Lan eta Enpleguko sailburuaren ustez, Gipuzkoako Jasangarritasun diputatuak bere burua defendatzeko aukera izango du erraustegiaren kudeaketagatik ikertua izango den neurrian.
Idoia Mendia Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun diputatu eta PSE-EEko kidea Zubietako erraustegiaren kudeaketari lotuta ikertu egingo dutela jakin eta biharamunean, Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak bere alderdikidearen gestio "bikaina" defendatu du. Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan, "erabateko konfiantza" agertu du Asensioren "errugabetasunean" eta justizian. Gaineratu duenez, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidentea ere badenak bere burua defendatzeko aukera izango du erraustegiaren kudeaketagatik ikertua izango den neurrian. Hortaz, "erabateko lasaitasuna" azaldu du.
Mendia ez dator bat Urkullu lehendakariarekin, eta ez du hauteskunde interesik ikusten greba deialdien atzean. Mendiaren ustez, sindikatuak dagokien rola betetzen ari dira, eta grebek ez dute "nahitaez" eraginik izan behar hauteskunde emaitzetan. Adibide modura, PSE-EE jarri du, izan ere, Eusko Jaurlaritzako kide izan arren azken hauteskundeetan bere emaitzak hobetu zituen aurrekoekin alderatuta. Gainera, ELAk Eusko Jaurlaritzaren aurkako "kontraboterea" ez ezik, beste alderdi politiko batzuen aurka (EH Bildu) ere egiten duela uste du. "Esparru sindikala gainditu eta esparru politikoan sartzen saiatzen den eragilea da", gehitu du.
Bestalde, EAEko gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetan deitutako lanuzteen harira, esan du grebarako eskubidea errespetatzen duela. Dena dela, akordioa lortzeko deia egin die aldeei eta bitartekaritza eskaini die, baldin eta biek eskatzen badute.
Ministro batzuek egindako adierazpenen harira Espainiaren eta Israelen artean sortutako krisi diplomatikoaz ere hitz egin du Mendiak. Horren arabera, Israel "urduriegi" dago. Gaineratu duenez, "Espainiako Gobernuaren jarrera argia izan da hasieratik", eta gobernu baten jarrera eta gobernua osatzen duten alderdi politikoen jarrera bereizten jakin behar da.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa