Politika
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Maiorga Ramirezek oraindik EAren "inolako" jakinarazpenik ez duela jaso salatu du
E. Lotina | EITB Media
Eusko Alkartasunak bost afiliatuen "oinarrizko eskubideak urratu" zituela azpimarratu du sektore kritikoko ordezkariak. Epaiek "barne-hauteskundeak errepikatzera" behartzen dutela gaineratu du.
-
Maiorga Ramirez eta Carlos Garaikoetxea, Donostian. Artxiboko argazkia: EFE
4:45 min
Eusko Alkartasunako Zuzendaritza Nazionalak bost alderdikide kritikoren afiliazioa eteteko 4 urteko zigorra baliogabetu zuen Arabako Lurralde Auzitegiaren epaiaren kontra helegiterik ez aurkeztea erabaki zuen atzo. Mikel Goenaga, Miren Aranoa, Esther Korres, Iratxe Lopez de Aberasturi eta Maiorga Ramirez dira bost militante horiek. Horrela, alderdiak asteazkenean adierazi zuen bost pertsona horiei jakinarazi diela "afiliazioa, eskubideak eta betebeharrak berreskuratu dituztela".
Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan egindako elkarrizketan, ordea, Maiorga Ramirezek oraindik alderdiaren "inolako" jakinarazpenik ez duela jaso salatu du. "Nahita nahiez" eman beharreko pausoa dela gogorarazi dio sektore kritikoaren ordezkariak EAren zuzendaritzari, epaitegiek hala ebatzi dutelako.
EAko Zuzendaritza Nazionalaren hitzetan, justiziak atzera bota ditu 2022ko otsaileko biltzarraren aurka irekitako auzi guztiak, eta bertan onartu ziren estatutuak aski bermatu ditu. Ramirez, baina, ez da uste berekoa, eta epaiek "barne-hauteskundeak errepikatzera" behartzen dutela adierazi du. Gainera, alderdiak bost afiliatuen "oinarrizko eskubideak urratu" zituela azpimarratu du.
Ramirezek ez dio Eba Blancoren zuzendaritzari zilegitasunik ukatu, baina barne-hauteskunde berriak egitea eskatu du; izan ere, primarioak egin zirenean bigarren hautagaia, bera, "alderditik kanpo zegoelako". Horregatik, "lotsa demokratikoagatik" prozesua errepikatzea aldarrikatu du.
Horrela, bost alderdikideek EAtik kanpo urte eta erdi eman dutela kritikatu du Ramirezek. Sektore kritikoko ordezkariaren esanetan, denbora tarte horretan, alderdiaren erabakietan "ezin izan dugu parte hartu, kaleratuak izan ginelako".
Gatazka konpondu ahal izateko "irtenbide bakarra" barne-hauteskundeak direla errepikatu du, "afiliazioak erabakitzeko eskubidea duelako".