Politika
FEIJOOREN INBESTIDURA
EITB MEDIA
Diputatuak banan-banan eta ahoz ematen ari dira botoa.
Alberto Nuñez Feijoo, atzo, Kongresuan. Argazkia: EFE
Alberto Nuñez Feijoo PPko hautagaiaren inbestiduraren bigarren saioa hartuko du gaur Espainiako Diputatuen Kongresuak. Mertxe Aizpurua EH Bilduren eledunaren adierazpenekin hasi da saioa, eta inbestidurako lehen bozketarekin bukatuko da.
Diputatu abertzaleak nabarmendu du "ezezko biribila" emango diotela Feijoori, eta haren inbestidura saiakera "antzerkia" dela deitoratu du. Gainera, legegintzaldi berrian "agenda plurinazionala" gailenduko dela adierazi du.
EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaileak "maila emateko" eta "politika handia egiteko" deia egin die PSOEko diputatuei, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteak boterean jarraitu eta "agenda plurinazionala eta soziala" aurrera eraman ahal izan dezan.
Feijook, ostera, defendatu du EH Bilduren inguruan "babes-hesi" bat egin beharko luketela "ETAren terrorismoagatik", eta indar horri esan dio biktimei barkamena eskatzeko.
PPko presidenteak EH Bilduren bozeramaileari erantzun dio ez duela "inolako baliorik" esaten duenak, "ETAren biktima guztiei benetako barkamena" eskatu ez badie, eta Justiziarekin elkarlanean aritu ez bada argitu gabe dauden 350 hilketak argitzeko. "Bilduren botoak Sanchez jaunari utzi dizkiote, nik ez ditut nahi", azpimarratu du Feijook.
Aitor Esteban EAJko bozeramaileak hartu du hitza, eta esan du aukerak "Feijoo edo amnistia" badira, bigarrenaren alde egingo dutela. Era berean, ohartarazi du ez dutela parte hartuko Vox tartean dagoen edozein batuketatan.
Kongresuko bozeramaile jeltzaleak Feijooren inbestidurari ezetz esan dio, funtsezko bi arrazoirengatik: Voxen botoak ezinbestekoak direlako hori lortzeko, eta bere proposamen bakarra "konfrontazioan" eta "bide judizialean" sakontzea dela, Zigor Kodearen erreforma gehiagorekin. "Sua piztea proposatzen duzue", laburbildu du.
"Ezin du esan Vox ez dagoela inbestiduraren ekuazioan. Igerilekuan ezkutatu ezinezko tamaina duen balea bat dago", adierazi du, eta Voxen babesarekin jaiotako legealdi bat" kudeatzea ezinezkoa "izango litzatekeela ohartarazi du.
Behin talde guztien agerraldiak amaituta, Feijooren inbestidurako lehen bozketa egingo da: banan-banan deituko zaie diputatuei eta ahoz gora emango dute euren boza. Ezusteko handirik ezean, PPko hautagaiaren saiakerak ez du aurrera egingo, gaur-gaurkoz 172 diputaturen babesa bakarrik baitu (PP, Vox, UPN eta CC), eta 176 boto behar ditu, gutxienez. Araudiaren arabera, 48 orduko epea igarota egin behar da bigarren bozketa, eta, beraz, ostiralean egitea aurreikusten da.
Atzoko saioak bederatzi ordu baino gehiago iraun zuen. PSOE, Vox, Sumar, ERC eta Junts per Catalunya alderdietako ordezkariek euren jarrerak agertu zituzten Feijooren aurrean, eta Francina Armengol Kongresuko presidenteak 21:13an utzi zuen saioa bertan behera.
Dudarik gabe, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentearen isiltasuna izan zen atzoko protagonistetako bat. Sozialisten buruak ez zuen parte hartu saioan, eta Oscar Puente diputatuak (Valladolideko alkate ohia) hitz egin zuen haren ordez PSOEren izenean, guztien harridurarako. Keinu horrek PPren haserrea eragin zuen, eta "koldarra, koldarra" oihukatuz erantzun zuten diputatu popularrek.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa