21:52

Politika

FEIJOOREN INBESTIDURA

Sanchezek saioan hitza ez hartzeak Feijooren haserrea eragin du

EITB Media

Espainako Gobernuko jarduneko presidenteak ez du parte hartu Feijooren inbestidura saioan. Sozialisten izenean, Oscar Puente Valladolideko alkate ohiak hitz egin du. Haserre erantzun diote popularrek.

1:56
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak ez du hitz-erdirik egin Alberto Nuñez Feijoo PPren hautagaiaren inbestidura saioan. Arratsaldeko saioan, PSOEren txanda iritsi denean, Oscar Puente diputatu sozialista eta Valladolideko alkate ohia igo da tribunara, denen harridurarako.

Puentek M28ko bozak irabazi zituen Valladoliden, baina PPren eta Voxen arteko akordioaren ondorioz, alkatetza galdu zuen. Sozialistek nahita aukeratu dute, Feijoori gehiengorik ez duela aurpegiratzeko. Keinu horrek guztiz haserretu ditu popularrak, eta Feijook gogor hitz egin du Sanchezen kontra. "Sei eztabaida eskatu zenizkidan kanpainan, eta bigarrenean ez zara parte hartzeko gai izan", esan dio.

PPko diputatuek txalo zaparrada batekin babestu dute euren hautagaia, eta "koldarra, koldarra" oihuekin deitoratu dute Sanchezen jarrera:

Sei akordio handi

Goizean egin duen inbestidura hitzaldian, Feijook sei akordio handi ixtea eskaini die Kongresuko diputatuei, PPren bakarkako Exekutiboarekin, baina ez "bakardadean", baizik eta Behe Ganberaren "lan kolektiboarekin".

Presidente izateko babesik ez duela ikusita, Feijoo gainerako indarrei zuzendu zaie, eta beharrezko gehiengoa lortzea espero duela esan du, "gutxi batzuen onurarako interes-koalizioak atzean utzita" eta "guztiei mesede egingo dien estatu-itun handien aro berri bat irekiz".

Feijook hiru proposamen egin ditu: "blokeak eta blokeoak atzean uztea", "herrialdearen egonkortasuna bermatzea" eta "erreforma-programa bati ekitea akordio handien bidez, orokorrean eta erkidegoz erkidego".

Era berean, Feijook indar ezberdinekin hitz egitea aldarrikatu du, eta "hasieratik" EH Bildu baino ez du baztertu. Horren inguruan esan du "legez debekatu" beharko litzatekeela "euren zerrendetan terroristak eramatea eta ETAko kideei omenaldiak egitea".

Era berean, eskerrak eman dizkie Vox eskuin muturreko alderdiaren 33 diputatuei eta Coalicion Canaria eta UPN alderdien 2ei, "babes arduratsua eta eskuzabala" eman diotelako eta euren babesa Gobernuan lekua izateko eskaria eginda baldintzatu ez dutelako.

Feijook hitz hauekin ireki du inbestidura ekitaldiko hitzaldia: "Ez dut amnistiaren legea babestuko, printzipioak ditudalako eta esanekoa naizelako".

Bere lehen berbaldian, PPko buruzagiak argi utzi du Konstituziotik at ez dagoela demokraziarik, eta azpimarratu du espainiarren gehiengoa ordezkatzen duela, eta gehiengo horrek ez zuela uztailaren 23an amnistia eta autodeterminazioa aurreikusten zuen programa bat babestu.

"Madrilgo kaleetan berdintasuna eskatu zutenei zor diet, espainiarren gehiengoari", berretsi du. Nazioak bizi duen "hil edo biziko" momentua mintzagai, nabarmendu du inolaz ere ez dela onargarria amnistia Konstituzioaren barruan, "ez etikoki, ez juridikoki".

"Ez dago hori justifikatzen duen helbururik, ezta Gobernuko Presidentetzak ere, nahiz eta batzuk hortik igarotzeko prest dauden", esan du. "Nik ez dut men egingo, ez dut botoa eman didatenen konfiantza traizionatu nahi", erantsi du.

Horren esanetan, bera presidente bada, desleialtasun delitu berri bat jasoko du Zigor Kodean, aurreko legealdian Pedro Sanchezek indargabetutako sedizio delituaren "mamia" berreskuratze aldera. Halaber, diru publikoaren erabilera bidegabea are gehiago zigortu nahi duela esan du.

Azkenik, "fidatzeko presidentea" izango litzatekeela adierazi du, eta politikari guztiei elkarrizketa "zintzoa" eta politika integratzailea eta ez-baztertzailea berreskuratzeko eskatu die.

Ia bi orduz hitz egin du Feijook, eta "herriarentzat eta Ganbera honentzat fidatzekoa" dela azpimarratu du.

PPko buruak bi minututik gorako txalo zaparrada jaso du PPko diputatuen aldetik, erkidegoetako presidenteen begiradapean.

Francina Armengol Kongresuko presidenteak bertan behera utzi du osoko bilkura, eta 15:30ean ekin diote berriro saioari, talde parlamentarioen txandarekin, handienetik txikienera.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena