Itxi

Politika

Manifestazioa

PPk bere jarraitzaileak bildu ditu Madrilen, amnistiaren aurka

Agentziak | EITB Media

Feijooren inbestidurarako 48 ordu falta direnean, independentismoak eskatzen duen amnistiaren aurka ateratzeko deia egin du Alderdi Popularrak. Ekitaldira bertaratu dira Espainiako Gobernuko presidente ohiak, presidente autonomikoekin eta bestelako agintariekin batera, Carlos Iturgaitz, kasu.

  • Aznar, Feijoo eta Rajoy, igande honetan Madrilen. Argazkia: EFE

    Aznar, Feijoo eta Rajoy, igande honetan Madrilen. Argazkia: EFE

Alderdi Popularrak bere jarraitzaileak bildu ditu igande honetan Madrilgo Felipe II.a etorbidean egindako ekitaldi batean, Alberto Nuñez Feijoo PPko burua protagonista zela, inbestiduratik 48 ordura, Kataluniako independentismoak eskatzen duen amnistiaren aurka.

PPren jarraitzaileek txalo zaparrada eman diote inbestidurarako hautagaiari, baita Isabel Diaz Ayuso eta Juanma Moreno erkidegoetako presidenteei ere, besteak beste. Feijoori eta Jose Maria Aznar eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente ohiei babesa agertu diete azken horiek.

Feijook gogor egin du PSOEren aurka, Pedro Sanchezek Moncloan jarraitzearren duen "duintasun ezaren" konplize izateagatik. "Espainiarrek ez dute baimenik eman hiritar aske eta berdinen nazio izateari uzteko", aldarrikatu du.

"Espainiar batek ere bozkatu ez zuena, gutxienez espainiarren % 94k, erregimen konstituzionalaren aldaketa da. Hori ez zen bozkatu, pertsona berak behin eta berriz errepikatzen duen iruzurra baino ez da", gaineratu du. Halaber, espainiarrak ergeltzat ez hartzeko eskatu dio Sanchezen Gobernuari, "ez direlako ergelak".

0:34

Aznarrek ahotsa altxatzeko deia egin du, eta ez isiltzeko amnistiaren "zitalkeriaren" aurrean eta proces delako prozesuaren "saiakera kolpistaren" aurrean. Era berean, "erabaki dezaketen guztiek kontzientziaz erabaki dezatela" eskatu du berdintasunaren defentsan.

Bestalde, Rajoyk ohartarazi du amnistiak "Konstituzioaren eta demokraziaren osoko zuzenketa" suposatzen duela, eta "indartsuenaren legea nagusituko litzatekeen beste erregimen batera igarotzea" ekarriko lukeela. Era berean, defendatu du Kataluniako egoera "benetan hobetu zuen gauza bakarra" izan zela erreferendumaren aurrean legea eta Konstituzioko 155. artikulua aplikatzea", bere gobernupean.

Euskadiko PPren ordezkaritza

Carlos Iturgaitz Euskadiko PPko presidenteak ere parte hartu du ekitaldian, eta hedabideei egindako adierazpenetan esan duenez, "Espainia salgai ez dagoela esatera" bildu dira gaur Madrilen.