Itxi

Politika

Diadako hitzaldia

Aragones: "Amnistiak ez du gatazka konpontzen; Kataluniak independentziari buruz bozkatu nahi du"

EITB MEDIA

Generalitateko presidenteak Diadaren aurretik egindako agerraldian esan duenez, Espainian gobernagarritasunaren giltza izateak "posible egingo du lehen posible ez zena", eta "orain da unea" gaineratu du.

0:17

Kataluniak bere egun nazionala, Diada, ospatuko du astelehen honetan, irailak 11, eta ohikoa den moduan, bezperan, hitzaldi instituzionala eman du telebistaz Generalitateko presidenteak. Hiru gako izan ditu aurten mezuak: amnistia, independentzia eta Espainiaren gobernagarritasunaren giltza izatea.

"Kataluniak du Estatuaren gobernagarritasunaren giltza. Baina amnistiak bere kabuz ez du konpontzen subiranotasunaren gatazka. Kataluniak askatasunez bozkatu nahi du independentziari buruz, eta Espainiako Estatuak aldarrikapen demokratiko honi erantzuten ez dion bitartean, gatazkak bere horretan jarraituko du ", esan du Pere Aragonesek.

Generalitateko presidenteak Espainiako Gobernuaren eta Kataluniako Gobernuaren artean "berehala negoziazio fase berri bat abiatzeko" eskatu du, "soilik gatazkaren muinean oinarrituko den negoziazioa", eta horri esker, Kataluniako herritarrek "Kataluniaren etorkizun politikoa zein izan behar den bozkatzeko duten nahiari nola erantzungo diogun adosteko".

"Orain da unea", azpimarratu du, eta kataluniarrei batzeko eskatu die, "elkarrekin indarra egiteko eta Estatua gatazka konpontzera behartzeko".

Mezu instituzionalaren beste ardatzetako bat hizkuntzaren defentsa izan da, "katalana baita nazioaren zutabea eta herrialdearen kohesio sozialerako funtsezko elementua".

Euroganberan katalana ofiziala izatea eta Madrilgo Kongresuan "normaltasunez" erabiltzea "Kataluniaren erabateko onarpen nazionalerako urrats garrantzitsuak" izango liratekeela adierazi du Aragonesek.