21:31

Politika

Espainiako Gobernua

Porrot egin dezakeen inbestidura baterako bidea hartu du legegintzaldiak

EITB Media

Feijoo izendatuta atzerako kontaketa hasi ostean, laster jakingo dugu Espainiako Gobernu berri bat izango den edo hauteskundeak errepikatu beharko diren.

  • Alberto Nuñez Feijoo (PP) eta Felipe VI.a asteartean Zarzuelan. Argazkia: EFE.

    Alberto Nuñez Feijoo (PP) eta Felipe VI.a asteartean Zarzuelan. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Felipe VI.a erregeak Alberto Nuñez Feijoo, PPko burua, aukeratu du Espainiako Gobernuko presidente izateko hautagai gisa. Izendapenak martxan jarri du inbestidura-saiorako atzerako kontaketa, eta baita hauteskundeak errepikatzeko deialdiarena ere, beharrezkoa izango balitz.

Lehendabiziko bilera sortaren ostean hautagai bat izateak ondorio zuzena du: Konstituzioak Gorteak izendatzeko ezartzen dituen epeak martxan hasi dira.

Espainiako Konstituzioaren 99. artikuluak dioenez, lehen inbestidura-bozketatik bi hilabetera hautagaiak Ganberaren konfiantza eskuratu ezinik badaude, erregeak Gorteak desegingo ditu eta hauteskundeak egingo dira 47 egun geroago.

Alabaina, lege horretan ez da zehazten zenbat denbora pasatu behar den erregeak hautagai bat izendatzen duenetik honek Kongresuan bere hautagaitza defendatu eta bozketa egin arte.

Kongresuko presidenteak, Francina Armengolek, jarriko du inbestidura saioaren data. Horren aurretik, hautagaiaren izendapenaren berri emandakoan esan duenez, Feijoori deituko dio haren iritzia jakiteko eta erabakirik egokiena hartzeko.

Hain zuzen ere, inbestidura-saioaren egunak zehaztuko du hauteskundeak errepikatzeko eguna, errepikatzeko beharra baldin badago.

PPko liderrak inbestidura-eguna zehazteko denbora eskatu du, kazetariek Armengolek aukeratu dezakeen egunari buruz galdetu diotenean. Horren hitzetan, "taldeekin hitz egin gabe inbestidura-saioa egitea ez litzateke izango parlamentu bateko formatu egokia" eta gainerako hautagaiekin ez bezala jokatzea ekarriko luke.

Armengolek ez du hitzik egin Feijooren eskakizun horri buruz, baina negoziazioak erraztuko dituela iragarri du.

Gauza bat argi dago, ordea: hauteskundeak Gabonetatik urrundu nahi badira, inbestidura-saioa abuztuko azken astean egin beharko litzateke, edo irailaren amaiera arte atzeratu beharko litzateke.

Hori izango litzateke hain esanguratsuak diren egun horietan hauteskundeak ekiditeko moduetako bat. 2016an ere arrisku hori aurreikusi zuten, baina hauteskunde-legea aldatu zuten orduan, kanpaina 8 egunekoa izan zedin, 15ekoa izan beharrean.

Feijook ez du babes nahikorik

Mariano Rajoyk 2016ko urtarrilean bezala, porrot egin dezakeen inbestidura bati egin beharko dio aurre Feijook. Hauteskunde-gauean bertan Gobernua osatzen saiatzeko bere eskubidea eta betebeharra aldarrikatu zituen PPko hautagaiak. Hautetsontzietan izandako garailea bera zela esan zuen, baina uztarri berean lotu ezin diren bi alderdi behar ditu Moncloara iristeko: EAJ eta Vox.

Uztailaren 23tik igaro den hilabetean argi geratu da bidea oso zaila izango dela, eta, momentuz, ez duela irteerarik. Feijook 172 diputaturen babesa dauka, baina 4 babes gehiago behar ditu gehiengo absolutua lortzeko. EAJk baiezkoa ematea edo JxCaten abstentzioa dira izan ditzakeen aukerak, baina bi alderdiek erabat baztertu dute aukera hori.

PPko 137 hautetsien baiezkoaz gain, Feijook lotuta ditu UPNko Alberto Catalanen, Coalicion Canariako Cristina Validoren eta Voxeko 33 diputatuen babesa. Abascalen taldearekin, ordea, konpondu beharreko hainbat kontu ditu argitzeko.

Egoera zaila da Feijoorentzat, eta Parlamentuan lehen porrota jaso du, ez baitu lortu Kongresuko Mahaiko Presidentzia bereganatzea.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena