Politika
Espainiako Gobernua
Mikel Dominguez | EITB Media
Orain, erregeak inbestidurarako zein hautagai proposatu aukeratu beharko du. Beste erronda bat egiteko aukera ere badu Estatuburuak.
Albisteak (1)
Espainiako erregeak Alberto Nuñez Feijoo (PP), Pedro Sanchez (PSOE) eta Santiago Abascal (Vox) hartu ditu inbestidurari begira alderdi politikoekin egiten ari den bilera errondaren bigarren egunean, Zarzuelako jauregian. Popularrak eta sozialitak, biek ala biek, esan diote hautagai izan nahi dutela. Orain, erregeak zein proposatu aukeratu beharko du. Beste erronda bat egiteko aukera ere badu Estatuburuak.
Feijook aitortu du ez duela bermatuta erregearen enkargua jasotzea ezta "epe motzean gobernu bat izatea" ere, baina ziurtatu du babesa duela zerrenda bozkatuenaren burua delako; 172 diputatu alde dituelako (PPren, Voxen, Coalicion Canariaren eta UPNren batuketa), "gehiengo osoa lau eserlekura" izanda, eta "nire eginbeharra betetzeko prest" dagoelako. "PSOEk, galdu ondoren, amnistia baten, independentzia erreferendum baten eta espainiarren arteko desberdintasuna ofizializatzearen distantziara du gehiengoa", gaineratu du.
Buruzagi popularra, Felipe VI.ak aukeratuz gero, talde parlamentarioekin harremanetan hasiko da "astelehenetik aurrera edo Mahaiaren epea amaitzen denean", ostiralean, taldeak osatzeko. Zentzu horretan, Kongresuko presidenteak negoziaziorako epe gehiago eman beharko liokeela uste du Feijook, elkarrizketak "parlamentuz kanpo" ez egiteko.
EH Bildu, ERC, Junts eta BNGri erreferentzia eginez, Sanchezek beharko lituzkeen babesetatik lauri buruz esan du "Espainia eta gobernagarritasuna gutxi" interesatzen zaiela, eta ez dituztela "gure erakunde demokratikoak errespetatzen". "Gaizki joango zaigu horietan oinarritzen den gobernu bat badugu", gaineratu du.
Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak esan dio inbestidurarako hautagaia izateko "erantzukizuna" bere gain hartu nahi duela, uste duelako hautatua izateko babes nahikoa duela.
Moncloan egindako adierazpenetan, Sanchezek gehitu du erregeak inbestidurarako edozein hautagai aukeratzen duela, PSOEren "errespetua eta babesa" izango dituela.
Lehenago, Abascalek Feijoo babesteko prest dagoela jakinarazi dio Felipe VI.ari, baina "baldintzatuta". Voxek PPri exijitzen dio "ez dezala baztertu" bere alderdia, beraren kontrako "hesiak" jarriz, eta Voxekin dituen koalizioak publikoki babes ditzala.
Gainera, Abascal kezkatuta agertu da independentistek, "terrorismoaren oinordekoek" eta Carles Puigdemont bezalako "iheslari batek" Espainiako politika baldintzatuko dutelako, Espainiarentzat "arrisku nagusia" direla uste baitu. "Mehatxu" hori Sanchezi egotzi dio.
Sumar, EAJ, CC eta UPNren asmoak
Atzo, bileren lehen egunean, Yolanda Diazek (Sumar) balizko hautagai sozialistaren inbestidura babesteko asmoa azaldu zion erregeari. Aitor Esteban (EAJ) ere erregearekin bildu zen, baina ez zuen adierazpenik egin. Gaur goizean, Radio Euskadin argitu duenez, Sanchezek oraindik ez du jeltzaleen babesik.
Cristina Validok (Coalicion Canaria) eta Javier Esparzak (UPN), berriz, Feijoo babestuko dutela esan zioten monarkari. Hala ere, Valido prest dago Sanchezen alde bozkatzeko "agenda kanariarra" babesten badu.
EH Bilduk, ERCk, Juntsek eta BNGk uko egin diote erregearekin biltzeari.
Erregeak hautagai bat proposatzea edo beste bilera erronda bat egitea erabakiko du
Behin alderdien asmoak ezagututa, Espainiako estatuburuak Gobernuko presidente izateko hautagai bat proposatuko du. Lehendabiziko aldiz, Kongresuko bi talde nagusien buruak (Feijoo eta Sanchez) prest agertu dira inbestiduran aurkezteko.
Lehen errondaren ondoren inor ez proposatzea erabakiko balu, beste bilera sorta bat deitu ahalko du erregeak, egun batzuk geroago.
Estatuburuak proposatutako hautagaia inbestidurara aurkeztuko da. Diputatuen Kongresuan egingo den saioaren data hautagaiak berak eta Mahaiko presidenteak adostuko dute. Lehen bozketan gehiengo absolutua beharko luke. Lortu ezean, beste bozketa bat egingo litzateke 48 ordu geroago, eta gehiengo sinplea beharko luke orduan, aldeko boto gehiago kontrakoak baino.
Halaber, azken bozketa horrek zehaztuko luke hauteskundeak errepikatzeko balizko eguna, hautagaiak presidente izendatzea lortuko ez balu. Inbestidura saioa iraileko lehen hamabostaldian egingo balitz, Eguberri egunaren eta Urteberri egunaren artean egingo lirateke hauteskundeak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa