Politika
Erregearen bilera-sorta
EITB Media
Bestalde, Sumarrek baieztatu du Sanchezen alde egingo duela inbestiduran, eta Coalicion Canariak aurreratu du Feijoo babestuko duela, baina PSOEri atea itxi gabe.
Felipe VI.a Espainiako erregeak alderdiekin egin behar duen bilera erronda abiatu du, Zarzuelan Javier Esparza (UPN), Cristina Valido (Coalicion Canaria), Aitor Esteban (EAJ) eta Yolanda Diaz (Sumar) hartuta. Bihar, Santiago Abascal (Vox), Pedro Sanchez (PSOE) eta Alberto Nuñez Feijoo (PP). EH Bilduk, ERCk, Juntsek eta BNGk uko egin diote monarkarekin biltzeari.
Sumarreko burua izan da Zarzuelako bulegoan sartzen azkena. Zita horren osteko agerraldian, Diazek berretsi du bere alderdiak Pedro Sanchez PSOEren presidentegaia babestuko duela, hala herritarren nahaia "errespetatu" egingo delako.
Horren arabera, balizko beste hautagaia, Alberto Nuñez Feijoo (PP), "bakarrik eta bakartuta" dago, eta ezinezkoa du gobernua osatzea.
"Boto-emaileek ez dute gaizki bozkatu, eta ezin zaie behartu beste hauteskunde batzuetara joatera", gaineratu du.
Aitor Esteban jeltzaleen ordezkariak ez du adierazpenik egin erregearekin bildu ostean, baina jakina da EAJk ez duela Feijoo babestuko eta Sanchezen inbestidura negoziatzeko prest dagoela. Hitzorduaren aurretik, SER irrati katean egindako adierazpenetan, diputatua kritiko agertu da kontsulta erronda goizegi deitzeagatik, "balizko gehiengoei buruzko segurtasun eza erabatekoa baita".
Estebanen ustez, erregeak astearte honetan "dena azkartzeko" hautagai bat proposatzeak ez du esan nahi inbestidura "arrakastatsua" izateko aukera gehiago dagoenik; "ziurrenik ez", adierazi du. "Alderdiei presioa egiteko ez bada, ez diot zentzu handirik ikusten", gaineratu du.
Era berean, berretsi du ez dutela Feijooren alde bozkatuko. "Ez dugu bozkatuko Vox beharrezkoa den edozein konbinazio", erantsi du.
Goizean, Esparzak erregeari jakinarazi dio UPNk PPren hautagaiaren alde bozkatuko lukeela Feijooren balizko inbestiduran, hauteskunde-kanpainan esan zuten bezala. "UPN hitzekoa da eta hitza betetzen du", esan du.
Erregearekin bildu ostean emandako prentsaurrekoan, buruzagi erregionalista kezkatuta agertu da "PPren eta PSOEren arteko akordioa ezinezkoa delako, herri honentzat onena izango litzatekeen arren, egonkortasuna eta ziurtasunak emango lituzkeelako". Esparzaren ustez, "amets polita litzateke, baina ametsa da".
Esparzak hautagaia Feijoo izatea defendatu du; izan ere, "hauteskundeak irabazten dituenak inbestidura saiora joateko zilegitasuna du, bere herri proiektua gizarteari planteatzeko, gero babesak lortu ala ez". Nolanahi ere, Felipe VI.aren erabakia errespetatu eta babestuko duela adierazi du.
Voxi dagokionez, UPNko presidenteak azaldu du bere alderdiak ez duela akordiorik eskuin muturreko alderdiarekin, "foru erregimenean sinesten ez duelako eta Nafarroa Espainiako beste diputazio bat izatea nahi duelako".
Bestalde, aukerak hauteskundeak errepikatzea edo "EH Bilduk babestutako Gobernua" osatzea badira, berak berriz bozetara joatea nahiago duela nabarmendu du Esparzak.
Cristina Valido Coalicion Canariako ordezkariak Feijoori babesa emango diola baieztatu dio erregeari, baina, aldi berean, Sanchezen alde bozkatzeko prest agertu da, horrek bere eskaerak betetzeko konpromisoa hartzen badu.
Azaldu duenez, PPren hautagaiak "osorik" babesten du CCren agenda, Kanarietako zenbait azpiegitura eta garraiorako hobariak barne. Vox Gobernuan ez egotea da Feijoori babesa emateko beste baldintza.
Coalicion Canariak gauza bera eskatu dio hautagai sozialistari, aurreko legealdian aurrekontuei emandako babesaren truke adostutako partida guztiak transferitzeaz gain; 200 milioi euro, guztira. "Asko kezkatzen gaitu guk gure hitza bete ostean dirua oraindik heldu ez izanak", esan du.
Erregeak hautagai bat proposatzea edo beste bilera erronda bat egitea erabakiko du
Behin alderdien asmoak ezagututa, Espainiako estatuburuak Gobernuko presidente izateko hautagai bat proposatuko du. Lehendabiziko aldiz, Kongresuko bi talde nagusien buruak (Feijoo eta Sanchez) prest agertu dira inbestiduran aurkezteko.
Lehen errondaren ondoren inor ez proposatzea erabakiko balu, beste bilera sorta bat deitu ahalko du erregeak, egun batzuk geroago.
Estatuburuak proposatutako hautagaia inbestidurara aurkeztuko da. Diputatuen Kongresuan egingo den saioaren data hautagaiak berak eta Mahaiko presidenteak adostuko dute. Lehen bozketan gehiengo absolutua beharko luke. Lortu ezean, beste bozketa bat egingo litzateke 48 ordu geroago, eta gehiengo sinplea beharko luke orduan, aldeko boto gehiago kontrakoak baino.
Halaber, azken bozketa horrek zehaztuko luke hauteskundeak errepikatzeko balizko eguna, hautagaiak presidente izendatzea lortuko ez balu. Inbestidura saioa iraileko lehen hamabostaldian egingo balitz, Eguberri egunaren eta Urteberri egunaren artean egingo lirateke hauteskundeak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa