Politika
Espainiako Gobernua
Agentziak | EITB Media
Kongresuko eta Senatuko Mahaiak osatuta, alderdiek talde parlamentarioa osatzea eskatzeko epea ireki da. Inbestidurarako bidean, Armengol erregearekin bildu da, Felipe VI.ak alderdiekin bilerak antolatzen hasi ahal izateko.
Kongresuko eta Senatuko presidenteak eta bi ganberetako mahaiak aukeratuta, egutegi ziurgabe bat ireki da orain. Bertan, erregeak protagonismo berezia izango du, Kongresuan ordezkaritza duten alderdietako bozeramaileekin hitz egin ondoren inbestidurarako hautagai bat proposatzeko eginkizun konstituzionala baitu.
Francina Armengol Kongresuko presidentea Zarzuela jauregira joan da gaur, Felipe VI.ari Ganberako eraketaren berri emateko. Horrela, erregeak alderdiekin kontsulta erronda antolatu ahal izango du.
Hala ere, inbestidura eztabaida baino lehen (ez dago horretarako datarik jarrita), bost eguneko epea irekiko da alderdiek talde parlamentarioa osatzeko eskaerak bidera ditzaten. Felipe VI.arena kontsulta sorta etorriko da ondoren; Gorteak eratu eta aste bat edo bi geroago egin ohi da hitzordu hori. Aurrekoetan, alderdi batzuek (EH Bilduk, kasu) uko egin diote monarkarekin biltzeari. ERCk dagoeneko iragarri du oraingoan ere ez dela joango.
Bai Alberto Nuñez Feijoo PPko burua, bai Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidente eta PSOEko idazkari nagusia, inbestidurara aurkezteko prest agertu dira, baina, oraingoz, bietako batek ere ez ditu akordioak lortu gehiengo nahikoa izateko.
Egia da, itxura batean, Sanchezek aukera gehiago dituela, ERCrekin eta Juntsekin Kongresuko Mahaia osatzeko akordioa lortu ostean.
Estatuburuak proposatzen duen hautagaia inbestidurara aurkeztuko da, eta presidente hautatuko dute, Kongresuaren gehiengo osoa lortzen badu. Lortu ezean, berriz, beste bozketa bat egingo da 48 ordu geroago, eta gehiengo sinplea baino ez da beharko orduan, hau da, aldeko boto gehiago, kontrakoak baino.
Bozketa horren datak zehaztuko du, halaber, hauteskundeak errepikatzeko balizko eguna, baldin eta hautagaiak ez badu presidente izendatzea lortzen. Inbestidura saioa iraileko lehen hamabostaldian egingo balitz, Eguberri egunaren eta Urteberri egunaren artean egingo lirateke hauteskundeak.
Zer aukera ireki dira taldea osatzeko?
Kongresuko araudiaren arabera, 15 eserleku baino gehiago dituzten alderdiek edo, gutxienez 5 izanik, Estatu osoan botoen % 5 edo parte hartu duten barrutietan botoen % 15 gainditzen dutenek osatu ahal izango dute taldea.
Lehenengo baldintzaren arabera, PPk, PSOEk, Voxek eta Sumarrek taldea ziurtatuta dute legegintzaldi honetan, eta bigarrenaren arabera, baita EH Bilduk eta EAJk ere.
Printzipioz, ez dituzte eskakizunak betetzen ez ERCk ezta Juntsek ere, bost diputatu baino gehiago dituzten arren, ez direlako % 15era iristen Katalunian parte hartu duten barruti batzuetan.
Hala ere, Kongresuko Mahaiian ezkerrak gehiengoa du, ERC eta Junts alderdien botoei esker, eta Mahaiak aukera du araudia interpretatu eta eskatutako baldintzetako bat betetzen ez duten alderdi edo koalizioek talde parlamentarioa osatzea ahalbidetzeko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa