Politika
Nafarroako Gobernua
EITB Media
Ekitaldian, hitz egiteko eta akordioetara iristeko duten gaitasuna azpimarratu du, eta gobernu egonkorra izango dutela gaineratu.
Maria Chivite sozialistak bigarren aldiz hartu du presidente kargua gaur, osteguna, Nafarroako Gobernuan. Bere bigarren legegintzaldi honi hasiera eman dion ekitaldian, Chivitek hitzeman du Nafarroako foru erregimena errespetatu eta hobetuko duela, eta Konstituzioa, legeak eta eginbeharrak beteko dituela.
Ekitaldian, 200 gonbidatu inguru batu dira, eta Nadia Calviño Espainiako Gobernuko presidenteordea izan da buruetako bat, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentearekin batera. Beste erkidego batzuetako presidenteak ere egon dira bertan, Iñigo Urkullu lehendakaria tartean.
Kargua hartu aurreko hitzaldian, Maria Chivitek onartu du koalizio gobernu hau gutxiengoan dagoela Nafarroako Parlamentuan. Alabaina, "gehiengo sozial" baten gobernua dela esan du, "zentraltasunetik eta begirada barneratzaile batekin gobernatzeko" eta "elkarrizketa bidez akordioetara iristeko gaitasuna" dutelako. "Gobernu egonkorra, konfiantza sortuko duena" izango duela azpimarratu du.
Chiviteren hitzetan, "Nafarroa aurrerapenaren gotorlekua izatea nahi dutela adierazi dute bertako herritarrek emandako botoen bidez". Hori dela eta, bere lehentasunen artean aipatu ditu industriaren eraldatzea, jasangarritasuna, osasun sistema publikoa indartu eta berritzea, eta hezkuntza publikoa bultzatzea. Horrez gainera, behar handiena dutenei zuzendutako neurriak eta orain arte egindako lan politikak mantenduko dituela agindu du.
Era berean, "ETAren indarkeriaren benetako historia" ikasgeletara eramango duen eta "memoria historikoari buruzko politikak mantendu beharreko ondare gisa" ulertuko dituen bizikidetza plan bat iragarri du, eta autogobernuan aurrerapausoak egiteko lan egingo dutela baieztatu du.
Zuzenean aipatu ez baditu ere, Nafarroako presidenteak mezua helarazi die eskuineko eta ultraeskuineko alderdiei. Horren hitzetan, bere gobernua "langa gaindiezina izango da genero indarkeriaren eta klima-aldaketaren negazionistentzat, sormen artistiko eta kulturala zentsuratzen dutenentzat eta memoria historikoaren legeak atzera bota nahi dituztenentzat". "Nafarroak gaur egun dena izateari utziko dion Espainia nahi dutenei" eta "definitzen gaituzten eskuduntzak kendu nahi dituztenei" galga jarriko diela gehitu du.
Nafarroako Parlamentuko atalondoan egin den ekitaldiaren ostean, bigarren aldiz hartu du Foru Gobernuaren presidente kargua Chivitek. PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroaren aldeko botoei esker eta EH Bilduren abstentzioari esker izendatu dute presidente.
Gobernuaren erronkak
Maria Chivitek elkarrizketa eta akordioak lortzea izan ditu hizpide bere hitzaldian behin eta berriz. Hain zuzen ere, hori izango da bere erronka nagusia, Aner Ansorena aholkulariaren iritzian: koalizio gobernuaren barruan, lehenengo, eta EH Bildurekin, ondoren, akordioak lortzea.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa