17:38

Politika

NAFARROAKO GOBERNUA

Maria Chivite aukeratu dute berriro Nafarroako presidente

AGENTZIAK | EITB MEDIA

PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa alderdien aldeko botoak eta EH Bilduren abstentzioa lortu ditu. Chivite herritarren konfiantza berretsi duen eta Nafarroako bi gobernu zuzendu dituen lehen emakumezko presidentea da.

0:43
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Maria Chivite sozialista Nafarroako presidente izendatu dute astearte honetan, Foru Parlamentuan egindako bigarren bozketan gehiengo soila lortuta, lehenengoa egin eta 24 ordura.

Nafarroako Gobernuko presidente hautatu berriak astearte honetan adierazi duenez, legegintzaldi berri honek "erronka handiak ditu aurretik", eta "berdintasuna, alor guztietan, gizarte berdintasuna, lurralde berdintasuna eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna" izango ditu mugarritzat.

Eskerrak eman dizkie bere ohiko kideei eta kide berriei, bere proiektua babestu duten taldeei eta herritarrei, eta esan du proiektu kontinuista batekin baina erronka berriekin egingo diola aurre etapa berri honi.

Chivitek astelehenean defendatu zuen bere hautagaitza foru parlamentarien aurrean, baina lehen bozketan ez zioten eman presidente izateko behar zuen gehiengo osoa.

Foru Parlamentuak 50 eserleku ditu, eta Chivitek bezperako emaitza errepikatu du, gobernatzeko ituna sinatu duten hiru alderdien 21 eserlekuren babesa eskuratuta: PSN (11), Geroa Bai (7) eta Zurekin Nafarroa (3). UPNk (15), PPk (3) eta Voxek (2) kontrako 20 boto eman dituzte. EH Bilduk (9) iragarri zuen abstentzioaren alde egingo zuela, eta 9 abstentzio zenbatu dituzte azkenean.

Bigarren bozketan, nahikoa zen hautagaiak aldeko botoak kontrakoak baino gehiago lortzea, eta horrela, aldeko botoak (21) kontrakoak (20) baino gehiago izan direnez, gehiengo soila eskuratu du.

Gobernuburua izango zela iragarri eta Ramon Alzorriz alderdikidea agurtu ostean, Uxue Barkos (Geroa Bai) eta Begoña Alfaro (Zurekin Nafarroa) bazkideei zuzendu zaie.

Bi hilabete eta erdi igaro dira foru hauteskundeak egin zirenetik. Aurreko gobernua osatu zuten bazkideen blokeak bi eserleku gutxiago jaso ditu azken hauteskundeetan, baina EH Bilduren abstentzioari esker, zenbakiek duela lau urteko ondorio bera ekarri dute.

Hauteskunde orokorrek eta bazkideen arteko ezadostasunek moteldu egin dute inbestidura prozesua, eta abuztuaren hasieran akordioa bilatzeko negoziazioak apurtzeko zorian egon ziren.

Azkenik, Geroa Bai (Socialberdeak eta EAJ) koalizioaren barruko desadostasunak konpondu eta Gobernuko kideen arteko bost orduko bilera egin ostean, akordioa lortu zuten, Chivite buru izango duen Exekutiborako programa eta egitura adostuta.

Inbestidura saioa astelehen eta astearte honetan egin da, abuztuko zubian, Nafarroako herri askok herriko jaiak ospatzen dituztenean, 30 gradutik gorako tenperaturarekin.

Astelehenean, hautagaiak ez zuen Ganberaren konfiantza lortu, baina asteartean, Chivitek aldeko boto gehiago lortu zituen kontrakoak baino, eta, beraz, presidente izango da berriro.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena