Politika
UPN
Agentziak | EITB Media
UPNko presidenteak gaineratu duenez, "besaulkiak salerosi eta boterea banatzeko ikuskizun lotsagarriaz haratago, negoziazio honen benetako garailea ez da PSN; beste behin ere, EH Bildu da".
Javier Esparza UPNko presidentea. Argazkia: EFE
Javier Esparza UPNko presidenteak PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak sinatutako gobernu akordioaren berri izan ostean gaur adierazi duenez, "Chivitek EH Bilduren esku utzi du berriro Nafarroa, hautsita jaio den gobernu baten buru izateko".
Esparzaren arabera, "besaulkiak salerosi eta boterea banatzeko ikuskizun lotsagarriaz haratago, negoziazio honen benetako garailea ez da PSN; beste behin ere, EH Bildu da, aurreko legealdian baino botere eta eragiteko gaitasun handiagoa duen Euskal Herria Bildu".
Javier Esparzaren esanetan, "Maria Chivitek beste lau urtez Nafarroako presidente izaten jarraitzea nahi duena EH Bildu da, epe ertainean helburu politiko independentistak lortzeko giltzarria delako". "Interes estrategikoko gai hutsa da", azpimarratu du.
UPNko presidentearen aburuz, "gobernu berria sortzeko modua PSNren eta EH Bilduren estrategia bateratua eta planifikatua da, eta Geroa Bai ahultzen jarraitu behar du, EH Bilduk PSNren lehentasunezko bazkide izaten jarraitzen duen bitartean, inolako higadurarik izan gabe". "PSNri eta EH Bilduri interesatzen zaie Geroa Bairen eremu politikoa bereganatzea, eta horretan ari dira", esan du.
Horren harira, azaldu duenez, "EH Bildu Chiviteren erreskatera agertu zen, baldintzarik gabeko baiezkoa emanez, eta, horrekin batera, Geroa Bai PSNren azken proposamena onartzera behartuz, erabat hautsitako konfiantzazko harreman baten erdian, bere interesak epe laburrean asetzetik haratago, besaulkiak banatuz". "Bilduk ez du PSN bakarrik gidatzen, baita Geroa Bai ere", erantsi du.
Gainera, Javier Esparzaren ustez, "agerian geratu da PSNk Euskal Herria Bildurekin Geroa Bairekin baino harreman hobeagoa duela". "Bilduk solaskide du PSN, eta bien arteko konplizitatea erabatekoa da. Horren erakusgarri, datozen ordu edo egunetan PSN EH Bilduren eskakizunak betetzen eta haiekin biltzen ikusiko dugu, legealdi honetan abiatuko dituzten politikak adosteko ", iragarri du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa