Itxi

Politika

NAFARROAKO GOBERNUA

Chivitek, Barkosek eta Alfarok izenpetu dute "gobernu ezkertiar eta anitza" berresteko akordioa

E. G. | EITB MEDIA

PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa indarren buruzagiek itunaren garrantzia nabarmendu dute. Beste behin, zerbitzu publikoak indartuko dituztela azpimarratu dute, "Nafarroaren etorkizunaren alde egiten jarraitzeko". Gobernuak hiru Presidentetza izango ditu, talde bakoitzeko bana.

1:24

Maria Chivitek, Uxue Barkosek eta Begoña Alfarok, hurrenez hurren, PSNren, Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren buruzagiek, eguerdian izenpetu dute bezperan Nafarroako hiruko gobernua berresteko adostutako ituna. Hiruron hitzetan, beste lau urtez "gobernu ezkertiar eta anitza" posible egingo du itunak, Espainiako hainbat erkidegotan ugaritzen ari diren gobernu eskuindarrekin gertatu ez bezala.

"Nafarroaren etorkizunaren alde egiten jarraituko dugu. Eskubide eta elkarbizitzaren alde. Ez murrizketarik, ezta atzerapausorik ere", azpimarratu du Chivitek. 

Hiru emakumeak prentsa aurrera azaldu dira Nafarroako Parlamentuan, dokumentuak publikoki sinatzeko eta akordioaren nondik norakoak xeheago azaltzeko. Berrikuntza gisa, Gobernuak hiru Presidenteordetza izango ditu, indar politiko bakoitzeko bat (aurrekoak bi zituen, eta PSNren esku egon zen bata eta Geroa Bairen esku bestea). Gainera, aurrekoan bezala, Geroa Baik proposatuko du Nafarroako Parlamentuak Senaturako aukeratu behar duen ordezkaria. Barkosen hitzetan, oraindik ez dute pentsatu nor izango den. 

Maria Chivite PSNko idazkari nagusi eta Presidentetzarako hautagaiak eskerrak eman dizkie gainerako bi alderdiei, eta hirurek desadostasunak dituztela aitortu arren, politika publikoak indartzen jarraitzeko borondate argia dutela nabarmendu du. Gobernuaren ildo garrantzitsuenak hizpide, garapen ekonomikoa, enplegua, etxebizitza eta feminismoa aipatu ditu buruzagi sozialistak. 

Foru Gobernuak izango duen izaera "ezkertiar eta anitza" aldarrikatu du Uxue Barkos Geroa Baiko buruak ere, 2015ean (bera presidente zela) abiatutako bideari jarraikiz. "Oso hilabete biziak izan dira negoziazioan, eta aldeok desadostasunak izan ditugu, baina sen onera bideratu ditugu gauzak azkenean", esan du pozez. Kazetarien galderei erantzunda, azpimarratu du hiruko gobernuak "beti eta buru-belarri" babestu duela euskararen erabilera Nafarroan. "Geroa Bai Gobernuan ez balego, ez litzateke inpultsu eta babes horrekin egingo", ohartarazi du.

Azkenik, Begoña Alfaro (Zurekin Nafarroa) "pozik" agertu da erdietsi duten akordio "ausart eta anbiziotsua" tarteko. "Herritarrek bozkatu zutena gauzatu dugu, hots, gehiengo aurrerakoi baten gobernua". Behin akordioa lortuta, Gobernuari "egonkortasuna ematea eta aurrerakoi bozkatu zuten herritar guztiei huts ez egitea dagokigu", azpimarratu du. 

Inbestidura saiorako beharrezko duten EH Bilduri adostutako guztia azaltzeko prest agertu dira hiru indarrak, babesa lortze aldera. "EH Bilduk esana du gobernu aurrerakoi bat errazteko borondatea duela, ikusiko dugu zer dioen bere militantziak", adierazi du Chivitek. Ganberaren alde horretan bilatuko dituzte akordioak, eta ziur agertu da "legegintzaldiko bazkideak" izango direla berriro erantsi du Barkosek. 

Inbestidura saioa, oraindik data gabe

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak (Geroa Bai) asteazkenean, 09:30etik aurrera, bigarren bilera sorta bat egingo du Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi edo talde politikoek izendatutako bozeramaileekin, hala badagokio, Nafarroako Gobernuko Presidentetzarako hautagaitza bat proposatzeko.

Batzar berri horiek Hualdek ekainaren 28an hartutako konpromisoaren ondorio dira, izan ere, "Parlamentuko bozeramaileren batek inbestidurara aurkezteko borondatea helarazten duen unean prozesua berrabiarazteko konpromisoa hartu zuen", Maria Chivite PSNko idazkari nagusiak gaur egin duen bezala.

Adostutako ordenaren arabera, Parlamentuan ordezkaritza txikienetik handienera, presidenteak Voxen ordezkaritzarekin hasiko du bilera sorta (09:30). Ondoren, 15 minutuko tartearekin, Unai Hualdek Zurekin Nafarroa (09:45), PPN, (10:00), Geroa Bai (10:15), EH Bildu (10:30), PSN (10:45) eta UPN (11:00) alderdietako ordezkariak hartuko ditu.

Batzar laburrak egin ondoren, Parlamentuko presidentea komunikabideen aurrean agertuko da, Maria Chivitek inbestidura-saioan bere burua aurkezteko duen borondatearen berri emateko. Erregelamenduak ezartzen duenez, inbestidura-saioa gutxienez hiru egun lehenago deitu behar da.

Nolanahi ere, Chivitek nahitaez beharko du gutxienez EH Bilduren (9 eserleku) abstentzioa. PSNk (11), Geroa Baik (7) eta Zurekin Nafarroak (3) 50 eserlekutik 21 batzen dituzte, erdiak baino gutxiago. Eskuineko blokeak, berriz, 20 boto bilduko lituzke (UPNren 15, PPren 3 eta Voxen 2).

Negoziazio luze eta korapilotsuak izan ondoren iritsi zen atzo Geroa Bairen baietza. Gobernuan bakoitzak zein arlo gidatu behar duen adosteko eztabaidak tenkatu ditu gehien sozialisten eta koalizio abertzalearen arteko elkarrizketak. Hainbat proposamen eta kontraproposamen aurkeztu eta aztertu ostean, azkenean, aurreko legealdiko organigrama berdintsua adostu zuten atzo: Presidentetza eta zortzi kontseilaritza izango ditu PSNk, lau Geroa Baik eta bakarra Zurekin Nafarroak.