Politika
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
O. A. | EITB MEDIA
Arabako ahaldun nagusiak uste du ez dela diru bilketa murriztu behar eta alderdi politiko guztiekin hitz egiteko prest agertu da, nahiz eta PPrekin harremanak zailak direla onartu.
Ramiro Gonzalez Radio Vitoriako
Aste honetan amaituko da urte politikoa foru aldundietan, eta hurrengoari begira hainbat gai mamitsu izango dituzte mahai gainean, tartean, zerga erreformarena. EAJk eta PSE-EEk fiskalitatea moldatzeko eta progresibitatea areagotzeko konpromisoa hartu dute, baina ikusi egin beharko da nola gauzatuko den. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia "hobekuntzak" egitearen alde agertu da, baina iraultzarik egin gabe. Horren ustez, Pertsona Fisikoen gaineko Zergan (PFEZ) eta Sozietateen Zergan egindako aldaketek "ondo" funtzionatu dute, alabaina, zerga bilketa areagotzeko erreformak egiteko prest dago.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan eta balizko zerga erreforma onartzeko babesen inguruan galdetuta, Ramiro Gonzalez Arabako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde guztiekin hitz egiteko prest agertu da, Voxekin izan ezik. Hortaz, PPrekin, EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemos-IUrekin hitz egiteko betebeharra duela uste du. Edozein kasutan, PPrekin akordioa erdiestea zaila izango dela onartu du. "Diru bilketa murriztea planteatzen ari direnek ez gaituzte aurkituko", azaldu du.
Espainiako gobernagarritasunari dagokionez, Gonzalezek esan du gobernu berriak gai izan behar duela "Estatuaren izaera plurinazionala aitortzeko, autogobernuan aurrera egiteko eta neurri zentralizatzaileetan atzera egiteko". Ildo horretan, Pedro Sanchezen balizko inbestidurarako egingo diren negoziazioetan gai hori kontuan hartzea "funtsezkoa" izango dela uste du, babestu dezaketen talde askok jarrera hori baitute (Kataluniako alderdiak, euskal alderdiak eta Sumar).
Bestalde, Gasteizko txosnetan TicketBai aplikatzearen inguruan ere galdetu diote. Azaldu duenez, Gasteizko Txosna Batzordeak TicketBai sistema ezartzea ekiditeko alegazioak aurkeztu ditu eta Foru Ogasunak datozen egunetan arrazoiak aztertu ostean emango du erabakia.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa