Politika
23J
EITB MEDIA
PSOE 1.323 botora geratu da hamaikagarren diputatua lortzetik, eta horrek ekarriko luke PPk hamaseigarrena galtzea, alegia, Carlos Garcia Adanero UPNren kidek ohiari dagokiona.
Posta bidezko botoen zenbaketa probintzia batzorde batean. Argazkia: Efe
Albisteak (9)
PSOEk Madrileko Hauteskunde Batzordeari eskatu dio berraztertzeko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretan zenbatutako 30.302 boto baliogabeak, PPrekiko duten aldea "hain da txikia" ezen "ahalik eta zuhurren" izatea eskatzen duen.
Behin behineko datuen arabera, CERA botoen zenbaketa bukatuta, PPk botoen % 41,09 jaso ditu (1.463.112 boz), eta PSOEk botoen % 28,21 (1.004.567). Zenbaki horiek aintzat hartuta, PPk 16 eserleku izango lituzke Madriletik, eta PSOEk 10. Hala, PSOE hamaikagarren diputatua lortzetik 1.323 botora geratu da, eta horrek ekarriko luke PPk hamaseigarrena galtzea, alegia, Carlos Garcia Adanero UPNren kidek ohiari dagokiona.
"PPren eta PSOEren arteko aldea hain da txikia ezen ahalik eta zuhurrenak izan behar dugula uste dugun, boto bat ere ez kanpoan gera ez dadin ahalegin txiki bat ez egitearren", PSOEtik Europa Pressi adierazi diotenez.
Eskaera Cristina Pavon Lopez eta Sara Bonmati Garcia sozialistek sinatutako idazki baten bidez egin dute. Horretan, zenbaketa orokorrarekin publikoki jarraitzea eskatu dute, nahi duten hautagaiei bertan egoteko aukera emanda, eta boto paperak aztertzea baimenduta, Madrileko sekzio eta mahai guztiei dagozkienak.
Gainera, PSOEk eskatu du saio horretan ireki dezaten bat zenbakiko gutunazaletan dauden boto baliogabe guztiak, Probintzia Hauteskunde Batzorde horrek baleko jo ditzan eskakizunak betetzen dituztenak, eta baliogabe uztea eskatzeko aukera izatea, hala erabakiz gero, balizko helegiteak kontuan hartuta.
Momentura arte Madrilen zenbatutako CERA botoaren arabera, PPk eserleku bat kendu omen dio PSOEri, guztira 137 diputatu lortuta. Zenbaki horri Voxen 33 botoak eta UPNren boto bakarra gehituz gero, 171 boto izango lituzke guztira, eta gehiengoa 176an dago.
Aldaketa hori baino lehen, PPren (136), Voxen (33) eta UPNren (1) botoak bat eginda 170 lortuko zituzten, eta, beste blokean, Juntsen botoak kontuan hartu gabe, 172, PSOEren 122, Sumarren 31, ERCren 7, EH Bilduren 6, EAJren 5 botoak eta BNGren botoa elkartuta.
Aukerak, une honetan, hauek lirateke:
-Feijoorentzat:
PP 137 + Vox 33 + UPN 1: 171 lirateke orain arte popularrek ziurtzat eman ditzaketen botoak.
-Sanchezentzat:
PSOE 121 + Sumar 31 + ERC 7 + EH Bildu 6 + PNV 5 + BNG 1: 171 baita ere sozialistentzat.
Hemendik aurrera bi aukera zabaltzen dira: A aukera, Pedro Sanchezek CCren aldeko botoa jasotzea, 172ra helduta, baina horretarako Juntsen abstentzioa beharko luke. B aukera, Sanchezek gutxienez Junts eta aldeko bi boto jasotzea, eta Juntsen gainerako diputatuak abstenitzea, modu horretan bozketa irabaziko duela bermatzeko, nahiz eta CCk aurka bozkatu.
Horrekin lotuta, Coalicion Canaria alderdiak argi utzi du Feijook ezin duela bere botoa zenbatu, Vox ekuazioaren parte baldin bada, nahiz eta CCk eta PPk gobernu akordioa izan Kanarietan. Era berean, PSOE eta Sumarren arteko koalizio gobernua berriz babestearen aurka agertu dira.
Nahiz eta Kanarietako nazionalistek iritzia aldatu PPren presidentegaiari buruz, ez lituzkete behar adina boto jasoko, balizko 172 boto horien aurka beste ezkerreko, nazionalisten eta independentisten 178 ezezko botoak egongo lirateke eta.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa