15:26

Politika

Nafarroako Gobernua

PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak negoziazioei ekin diete berriro

Agentziak | EITB Media

Maria Chivite hautagai sozialistak azpimarratu du ez duela EH Bildurekin hitz egingo Gobernua osatzeko, baina abertzaleen abstentzioa ezinbestekoa zaio inbestidurarako.

  • Maria Chivite, PSNren U23ko emaitzak ospatzen.

    Maria Chivite, PSNren U23ko emaitzak ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak elkarrizketei ekin diete berriro, Foru Gobernu berrirako akordio programatiko bat ixteko helburuarekin, "inolako egutegirik gabe", baina abuztuaren 28ra begira, inbestidurarako azken eguna baita.

Akordioan, alderdiek Gobernuan izango duen pisua ere zehaztuko dute. PSNren ustez, akordioak hauteskunde orokorren emaitzak kontuan hartu beharko ditu, eta Geroa Bairen iritziz, bide orria foru hauteskundeek markatu beharko lukete.

Nolanahi ere, Maria Chiviteren inbestidurak EH Bilduren abstentzioa beharko du. Hala ere, PSNk ez du koalizioarekin hitz egingo Gobernuaren osaketarako. "Geroa Bairekin eta Zurekinekin gobernu-programa prestatzen ari gara, eta ildo horri jarraituko diogu", nabarmendu du hautagaiak.

Geroa Baik ez ditu alde batera utzi nahi desadostasunak, nahiz eta horrek negoziazioak denboran luzatu. Izan ere, programan gai guztiak argi geratzea nahi du, elkar ulertzen badute ala ez. Halaber, espero du U23ren emaitzak ez izatea kontuan, Nafarroan izandako "polarizazioak" kalterik ez egiteko.

Zurekin Nafarroak ohar batean adierazi duenez, beharrezkoa da "Nafarroan gobernu aurrerakoia osatzeko prozesuari indar handiagoz ekitea", eta azpimarratu du koalizioak "paper garrantzitsua" izan behar duela, "Nafarroako herritarrek joan den maiatzean eman zioten indarrarekin bat datorrena", "argi eta garbi indartuta geratu baita".

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Arnaldo Otegik "zuhurtzia" eskatu dio Chiviteri. EH Bildu hauteskunde orokorretako bigarren indarra izan dela gogorarazi du, eta udal eta foru hauteskundeetan herritarrek Parlamentuan eta Iruñean gehiengo aurrerakoia izatea erabaki zutela defendatu du, "kasu batean Chiviteren lidergoarekin eta bestean Asironenarekin". Horregatik, "herriaren borondate" hori "errespetatzeko" eskatu du, eta negoziazioetan "zarata gutxi eta lan handia" egitea gomendatu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena