23:18

Politika

U23

PSE-EEk irabazi du EAEn eta bost diputatu izango ditu, EAJk eta EH Bilduk adina

EITB Media

Boto zenbaketa % 100ean dagoenean, PSE-EE da hauteskunde hauetako garailea boto kopuruari begiratuta. EAJ gelditu da bigarren lekuan eta oso gertu, EH Bildu izan da hirugarrena. PPk laugarren amaitu du eta, ondoren, Sumar mugimendua.

  • Hauteskunde orokorretako emaitzak EAEn.

    Hauteskunde orokorretako emaitzak EAEn.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Boto zenbaketa ia amaituta dagoenean, PSE-EEk irabazi ditu uztailaren 23ko hauteskunde orokorrak Euskal Autonomia Erkidegoan boto kopuruari begiratuta, % 25,28 eskuratu baititu. Bigarren lekuan EAJ gelditu da, botoen % 24,02rekin, baina oso gertu dauka EH Bildu, hirugarren postuan, % 23,95arekin.

Diputatu kopuruari begiratuta, hiru alderdiok berdinketa lortu dute: bosna eskuratu dituzte. PPk bi ordezkari lortu ditu eta Sumarrek bat.

Lurraldeka aztertuta, PSE-EE izan da garailea Araban eta honela banatu dira Diputatuen Kongresuan Arabak dituen lau ordezkariak: PSE-EE, EH Bildu, PP eta EAJk bana lortu dute. Emaitza hauekin, beraz, PPk eserlekuetako bat lortuko du lurralde honetan eta Javier de Andres diputatu izango da. Sumarrek, aldiz, ez du lortu Podemosek 2019an eskuratu zuen eserlekua mantentzea.

Bizkaian EAJk lortu du boto kopuru gehien, baina diputatu bat galdu du bertan eta hiru izatetik bi izatera pasa da. Lurralde honetan, PSE-EEk aurreko legegintzaldian zituen bi aulkiak mantendu ditu eta EH Bilduk, berriz, bat irabazi du. Alderdi Popularrak lehendik zeukan ordezkaria mantendu du. Azkenik, Sumar mugimenduak eserleku bat lortu du, Podemosek 2019an zeukana mantenduz.

Gipuzkoa EH Bildu izan da boto gehien eskuratu duena. Baina eserleku kopuruari begiratuta, bina izango dituzte EH Bilduk, PSE-EEk eta EAJk. Hain zuzen ere, PSE-EEk aurreko hauteskundeetan baino bat gehiago eskuratu du. Kasu honetan, PPk eta Sumarrek ez dute ordezkaritzarik lortu.

Senatua

Hauteskunde hauetan jokoan zeuden EAEko 12 senatariak honela banatu dira:

EAJk lau senatari eskuratu ditu. Aurreko hauteskundeekin alderatuta, bost galdu ditu, orduan bederatzi baitzituen.

PSE-EEk lau ordezkari izango ditu Senatuan, aurreko legegintzaldian baino bi gehiago.

EH Bilduk ere lau izango ditu. Oraingoan EH Bildu – Independentzia Ezkerretik koalizioaren barruan aurkeztu da Senatura ERCrekin batera eta 2019an lortu zituen lau eserlekuak mantentzea lortu du.

Parte-hartzea % 67,6koa izan da, aurreko hauteskunde orokorretan baino 1,18 % altuagoa.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena