Itxi

Politika

U23

Posta bidez bozkatzeko azken orduak: 14:00etan amaituko da epea

Agentziak | EITB Media

Horrenbestez, Correosek egindako eskaera onartu du Hauteskunde Batzordeak. Posta enpresaren aburuz, dokumentazioa jasotzeko helbidea aldatu zutenen kasuetan, banaketa errazteko aukera emango du epea luzatzeak.

  • Correoseko bulegoetako bat, lepo. Argazkia: EITB

    Correoseko bulegoetako bat, lepo. Argazkia: EITB

Posta bidez botoa emateko epea 14:00etan bukatuko da gaur, Hauteskunde Batzordeak hala erabakita.

Correosen aburuz, aurreko egunetan dokumentazioa jasotzeko helbidea aldatu zutenengana iristea errazago izan dadin egin dute eskaria. Hainbat pertsonak posta bidez bozkatu ahal izateko helbidea aldatu dute azken egunetan, agiri horiek hasieran zehaztutako tokira iritsiko ez zirela ikusita. Ondorioz, Correosek helbide berrira agiriak bidaltzeko denbora gehiago behar izan du.

Horrez gainera, dagoeneko posta bidez botoa eman dutenen datuak eman zituen Correosek atzo goizean. Dagoeneko bide horretatik bozka ematea eskatu zuten 2.622.808 pertsonetatik % 91k (2.400.000 inguru) egikaritu dute eskubide hori. Hala ere, goizean 230.000 lagun zeuden oraindik botoa eman gabe. 

Hasiera batean, atzoko 22:00etan zen amaitzekoa posta bidez botoa emateko epea, eta posta bulegoen ordutegiak moldatu egin dituzte Estatu osoan.

214.721 pertsonak eskatu dute posta bidezko botoa Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko hauteskundeetan baino ia lau aldiz gehiago. Nafarroan, berriz, botoa posta bidez emateko 47.411 eskari jaso dira, maiatzaren 28ko Udal eta Foru Hauteskundeekin alderatuta, hirukoitza.