Itxi

Politika

Sare eta Etxerat

"Euskal presoei aplikatutako salbuespena" bukatzeko abuztuaren 5erako manifestazioa deitu dute Gasteizen

EITB Media

Sarek eta Etxeratek salatu dutenez, "etengabeak dira fiskaltzaren eta Auzitegi Nazionalaren erasoak, mendekuan oinarritutako jarrerak, konponbidea zapuztu eta herri hau iraganean iltzatu nahi dutenak".

  • Sare eta Etxerateko ordezkariak gaur Kaminanten bildu dira, Gasteizen. Argazkia: Sare

    Sare eta Etxerateko ordezkariak gaur Kaminanten bildu dira, Gasteizen. Argazkia: Sare

Datorren abuztuaren 5ean, arratsaldeko 20:00etan Andra Mari Zuriaren Plazatik abiatuko den "Etxera" manifestazioan parte hartzeko deialdia luzatu diote gaur Sare eta Etxerat kolektiboek Arabako jendarteari, "salbuespena indargabetu eta lege arrunta aplikatuz, euskal preso guztiak etxera bidean jartzeko unea delako".

Elkarteek ohar batean salatu dutenez, "etengabeak dira fiskaltzaren eta Auzitegi Nazionalaren erasoak, mendekuan oinarritutako jarrerak, konponbidea zapuztu eta herri hau iraganean iltzatu nahi dutenak". Horren adibide dira azken hilabetetan eman diren gradu erregresioak, erantsi dutenez.

Bi kolektiboen hitzetan, "34 urte baino gehiago eman ditugu urruntze politikaren amaiera eskatzen, ankerra eta gizagabea zelako. Baina urruntze politika hori gainditzeak ez du berekin ekarri euskal presoen eskubideen urraketaren amaiera, etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen neurriak eta eskubide urraketak arau direlako oraindik".

"Horregatik da hain garrantzitsua Etxera aldarrikapena kalean ikusaraztea eta ozen aldarrikatzea, elkarbizitzan aurrera urratsak emateko, konponbidean jarri behar dugula preso, iheslari eta deportatuen auzia", azpimarratu dute.