Politika
Inbestidura
Arabako Batzar Nagusiek gaur egingo dute Ramiro Gonzalez jeltzalearen inbestidura saioa
EITB Media
Gonzalezek hartuko du kargua, hirugarren aldiz jarraian. Jeltzaleak bermatuta du berriro hautatua izatea; izan ere, araudiaren arabera, izendatua izateko gehiengo sinplea behar du bigarren bozketan.
-
Arabako Batzar Nagusiak. Irudia: EITB
Arabako Batzar Nagusiek gaur egingo dute lurraldeko ahaldun nagusiaren inbestidura saioa, eta Ramiro Gonzalezek (EAJ) hartuko du kargua, hirugarren aldiz jarraian. Inbestidura saioa 08:30ean hasi da, eta bozketa arratsaldeko 18:15ean hastea dago aurreikusita.
Arabako Aldundirako adostu duten programa-akordioa aurkeztu zuten asteartean EAJk eta PSE-EEk.
Aurkezpenean esan zutenez, jakitun dira legealdi honetan ez dutela gehiengo osorik Arabako Batzar Nagusietan, eta ezinbestean bilatu behar dituztela akordioak oposizioarekin. Zentzu horretan, alderdi guztiekin negoziatzeko borondatea dutela erantsi zuten, Vox ultraeskuineko indarrarekin izan ezik. Ramiro Gonzalezek erantsi zuen EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin Podemos-IU taldeek "eraginkorrak" izateko aukera izango dutela datozen lau urteotan, eurek hala nahi izatera.
Arabako Batzar Nagusiek bere hamabigarren legegintzaldian Irma Basterra (EAJ) izango dute buru: hilaren 19an hautatu zuten kargu horretarako, bere alderdiaren eta PSE-EEren botoei esker.
EAJk eta PSE-EEk gehiengo absoluturik ez duten arren, ahaldun nagusigaiak, Ramiro Gonzalez jeltzaleak, bermatuta du berriro hautatua izatea; izan ere, araudiaren arabera, izendatua izateko gehiengo osoa beharko du lehen bozketan baina sinplea bigarrenean.
Hala ere, Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko prokuradorearekin lehiatuko da Gonzalez, koalizio subiranistak, duela lau urte egin zuen bezala, hautagaia aurkeztuko duela iragarri baitzuen; ordukoan, Kike Fernandez de Pinedo aurkeztu zuen.