Itxi

Politika

Foru Parlamentua

Hualdek Vox, PPN eta Zurekin Nafarroarekin hasi du Foru Erkidegoko presidentegaia zehazteko bilera sorta

Agentziak | EITB Media

Voxek eta PPk Chivite sozialistaren hautagaitza errefusatuko dutela iragarri dute, eta Zurekin Nafarroak elkarrizketak hasierako fasean daudela ohartarazi du. Asteazkenean Geroa Bai, EH Bildu, PSN eta UPNren txanda izango da.

  • Unai Hualde Foru Parlamentuko presidentea Zurekin Nafarroako ordezkariekin. Argazkia: EFE

    Unai Hualde Foru Parlamentuko presidentea Zurekin Nafarroako ordezkariekin. Argazkia: EFE

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak bilera sorta hasi du gaur indar politikoetako bozeramaileekin, eta asteazkenean amaituko du, Nafarroako Gobernuko presidente izateko hautagaitza bat zehazteko. Hiru talde politiko ari dira horretan lanean, baina oraingoz ez dute akordiorik itxi.

Vox ultraeskuineko alderdiak eta PPk Chivite sozialistaren hautagaitza ez dutela babestuko ziurtatu dute (PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa negoziatzen ari dira atzotik, eta gutxienez EH Bilduren abstentzioa beharko lukete).

Gaurko hitzorduen ostean, asteazkenean Geroa Bairen (10:00etan), EH Bilduren (11:00etan), PSNren (12:00etan) eta UPNren (13:00etan) txanda izango da. Ondoren, Hualdek batzarren emaitzen berri emango du, eta Foru Erkidegoko presidentea izendatzeko hautagaitza proposa dezakeen ala ez azalduko du.

Lehen jardunaldi honetan, Hualdek Vox (ordezkaritza txikienetik handienera) hartu du, eta Maite Nosti ultraeskuineko alderdiaren bozeramaileak zeharo errefusatu du "filoterroristen menpe dagoen ezohiko gobernu bat", negoziatzen ari denari eta gutxienez EH Bilduren abstentzioa beharko lukeenari erreferentzia eginez.

Foto: EFE

Vox ultraeskuineko alderdiaren ordezkariak Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentearekin. Argazkia: EFE

Ondoren, Zurekin Nafarroaren txanda izan da, eta Begoña Alfaro bozeramaileak PSNrekin eta Geroa Bairekin izandako negoziazioaren egoeraren berri eman dio Hualderi. Elkarrizketak hasierako fase batean daudela ohartarazi du.

Gaurko azken bilera PPNrekin egin du Hualdek, eta Javier Garcia PPNko presidente eta bozeramailea irmo mintzatu da, ziurtatu baitu bere alderdiak ez duela babestuko "azken Gobernua osatzen zuten indarrek parte hartzen duten gobernurik, eta "are gutxiago PSOEk EH Bildu erakundeetan egotea baimentzen duenean".

Foto: EFE

Hualde PPNko ordezkaritzarekin. Argazkia: EFE

Bestalde, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko jarduneko presidente eta PSNko hautagaiak Gobernua osatzeko negoziazioetan ez parte hartzea defendatu du, "lantaldeko alderdi bat direlako, ez alderdi pertsonalista bat", eta Geroa Bairi bere jarrera aurpegiratu dio.

Ekitaldi instituzional batean parte hartu aurretik, Chivitek adierazi du lan hori "negoziazio-talde baten" esku utzi duela. Talde horrek "konfiantza osoa eta talentua ditu, eta akordioak lortzeko borondatea dute", erantsi duenez.

Geroa Bairi buruz, Chivitek adierazi du ez duela bere jarrera ulertzen, Maria Solana bozeramailearen aldetik nabaritu dituzten "moduekin" lehen bileran azaldu zieten borondatea "koherentea ez" dela iritzita.

Akordioa noiz lor daitekeen eta prozesua hauteskunde orokorrak egin arte luzatzeko asmoa duten galdetuta, adierazi du "denborak ez duela zertan baldintzatu behar", eta "garrantzitsuena gobernu edukian aurrera" egitea dela.

Chivitek asteazkenean du bilera Parlamentuko presidentearekin, bilera-sortaren barruan, eta baieztatu du "oraingoz" ezin duela baieztatu presidente izateko nahikoa babes dituenik; beraz, beharrezkoa izango da gobernu akordioak lortzeko "ildo horretan lanean jarraitzea".