Politika
Frantziako Tourra
I. R. | EITB MEDIA
Gure Eskuk Tourrak nazioartean duen oihartzuna probestuko du Euskal Herria zazpi lurraldez osatuta dagoela eta euren etorkizuna libre erabaki nahi dutela aldarrikatzeko. Horretarako, "Euskal Herriak Erabaki – Basques decide" leloa duten 60.000 ikurrin banatuko dituzte.
Gure Eskuren gaurko agerraldia, Irunen (Gipuzkoa). Argazkia: Gure Esku
Aurtengo Frantziako Tourraren lehenengo hiru etapek Euskal Herria alderik alde zeharkatuko dutela aprobetxatuta, Gure Eskuk "Euskal Herriak Erabaki – Basques decide" leloa duten 60.000 ikurrin banatuko ditu bere aldarriak nazioartean entzunarazteko. Gaur Irunen egindako agerraldian ekimenaren arduradunek azaldu dutenez, ikurrin berezi horiek lortzeko modu ugari egongo dira. Ekainaren 29ra arte, Gure Eskuren online dendan eta herrietako taldeei eskatuta erosi ahal izango dira, 5 euroan. Tourraren egunetan, aldiz, Fan Park zaleentzako gunean, Naiz eta Berriaren gunean, diru-bilketan eta, uztailaren 3an, karabanan eskuratu ahal izango dira.
"Ikur horiek eskuan errepide bazterretara ateratzeko deia egiten diegu euskal herritarrei, guztion artean argi adierazteko gure etorkizuna erabakitzea gure esku egon behar dela", Gure Eskukoen esanetan. Halaber, etxeko balkoietan erabakitzearen aldeko ikurrinak eskegitzeko deia ere egin dute, "geure mezua leku guztietan ikus dadin".
Bestalde, gaurko agerraldian gogoratu dutenez, "1.000 ikurrin baietz!" erronka jarri dute martxan. "Bide bazterretan sortuko den ikurrin uholde horretaz gain", 1.000 makiladun ikurrin banatuko dituzte egunero: ekainaren 29an, Bilbon, taldeen aurkezpenean; uztailaren 1ean, Bilbon; uztailaren 2an, Gasteizko irteeran eta Donostiako helmugan; eta uztailaren 3an, Zornotzako irteeran, Baionako helmugan eta Bidasoan. Ikurrinok jasotzeko, interesatuek aldez aurretik izena eman beharko dute Gure Eskuk eskuragarri jarri duen webgunearen bidez. Zein egunetan eta zein tokitan hartu eta utzi ahalko diren azalduko dute bertan.
Halaber, uztailaren 3an, ekimen berezia egingo dute Bidasoan, "bi aldeetan euskaldunak bizi garela eta aldarrikapen ugari dituen herria garela erakusteko". Gune horretan, indar erakustaldia egiteak "berebiziko garrantzia" du Gure Eskurentzat, Tourreko antolatzaileentzat bertan amaitzen baita Espainiako zatia eta bertan hasten baita Frantziako bidea. "Guretzat dena da Euskal Herria, Bidasoa ez da muga, zubia baizik, eta herri honen jarraipena irudikatuko dugu bertan", azaldu dute.
12:00etan jarri dute hitzordua, Irungo Santiago frontoian; ondoren, kalejira egingo dute Santiago zubiraino Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin, erraldoi eta buruhandiekin, eta beste hainbat musikarirekin ere, Josu Etxaburu bozeramaileak iragarri duenez.
Azkenik, "inoiz egin den ikurrinik erraldoiena" sortuko dute herritarren babesarekin; ikurrin horrek ere "Euskal Herriak erabaki – Basques decide" mezua izango du, eta uztailaren 1ean Bakion egongo da, uztailaren 2an Larraitzen eta uztailaren 3an Urruñan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa