07:29

Politika

Udalen eraketa

Bermeoko Alkatetza airean, Asier Larraurik dimisioa eman ostean

eitb media

EH Bilduk ohar bidez jakinarazi duenez, Nadia Nemeh Shomaly zerrendan bigarrena aukeratu dute alkategai. Guzan plataforma independentearen ustez, ordea, Xabier Ortuzar bere zerrendaburuak izan behar du alkate. Negoziazioa zabalik dute bi taldeek.

01:23
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Bermeoko Alkatetza airean dago, larunbatean udala osatu eta Asier Larrauri EH Bilduko alkateak dimisioa eman ostean. Izan ere, Larrauri alkate egiteko botoak eman zituzten bi taldeek, EH Bilduk berak (5 zinegotzi) eta Guzan plataforma independenteak (4 ordezkari), alkatea euren taldekoa izan behar dela defendatzen dute. 

Asier Larraurik ez du, oraingoz, bere dimisioa ofizialki aurkeztu. Legearen arabera, idatziz egin beharra dauka. Pentsatzekoa da une batetik bestera egingo duela, eta behin dimisioa ofizialki aurkezten den unetik 10 eguneko epea dago alkate berria aukeratzeko.

Bart gauean EH Bilduk ohar bidez jakinarazi duenez, Bermeoko kideek Nadia Nemeh Shomaly, zerrendako bigarrena, alkategai aukeratu dute asanblada bidez.

Koalizio abertzaleak "irmoki" adierazi du bi indarrek sinatutako akordioa defendatuko duela, hots, "EH Bilduko hautagai bat izatea Bermeoko alkatetza izango duena". Halaber, horren arabera, bien arteko ituna "Bermeok behar duen aldaketari aurre egiteko proiektu bateratuen beharrizanagatik sortu zen". 

Guzan plataforma independenteak bestelako iritzia du. Herri plataformako iturriek Euskadi Irratiari adierazi diotenez, akordioaren arabera, Asier Larraurik izan behar zuen alkate eta Xabier Ortuzar independenteak alkateorde.

Plataformaren hitzetan, udal hauteskundeetan ez da marka edo alderdia bozkatzen, hautagaia baizik, eta, beraz, alkatea Larrauri izango ez bada, Ortuzarri dagokio aginte makila hartzea, eta, hortaz, ez dute beste aukerarik onartuko.

Testuinguru horretan, pilota EH Bilduren teilatuan dagoela esan du, eta koalizio subiranistak bi alderdien arteko akordioa bete ezean, alkatetza EAJk hartuko duela esan diote Euskadi Irratiari plataformako iturriek.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren esanetan, Larrauriren dimisioa "ohoragarria" da. Ildo horretatik, dimisioa aurkeztu ostean, "zentzuz" akordio bat lortzea espero du, herri horretan "gehiengo alternatiboa" sendotzeko. 

EAJk irabazi zituen Bermeoko udal hauteskundeak, 8 zinegotzi eskuratuta. EH Bilduk 5 eskuratu zituen, eta Guzan herri plataformak, 4.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena