Politika
U23
E. G. | EITB MEDIA
Roberto Uriarte Unidas Podemoseko diputatuaren ezezkoa jaso ondotik aukeratu dute Presa zerrendaburu. Bestalde, Pilar Garrido Euskadiko Podemoseko idazkari nagusia izango da Bizkaiko haugaitzan aurrenekoa.
Presa, gaur, agerraldian. Argazkia: EITB Media
Guillermo Presa Podemosek Gasteizen duen idazkari nagusia izango da azkenean Sumar mugimenduaren zerrendaburua Araban, Roberto Uriarte Unidas Podemoseko Bizkaiko diputatuak uko egin ondotik.
Koalizio moreak ohar baten bidez azaldu duenez, zuzendaritzak bera aukeratu du Kongresurako Arabako hautagai gisa, eta Pilar Garrido Gipuzkoako zerrendaburu.
Bere izendapena ezagutu ostean, agerraldia egin du Guillermo Presak Gasteizko Plaza Berrian. Adierazi duenez, "ohorea" eta "erronka pertsonala" da diputatugai izatea. "Erronka handia daukagu lortu ditugun aurrerapenak blindatzeko, hala nola eskubide feministak eta LGTBIren aldekoak, gutxieneko soldataren igoera edo lan eskubideak", esan du.
Halaber, "eskerrak" eman dizkio azken legegintzaldietan Juantxo Lopez de Uralderi "egindako lanagatik" eta Podemosen zuzendaritzari bera hautagai proposatzeagatik.
Podemosi zegokion Arabako eta Gipuzkoako zerrendaburuak hautatzea
Uztailaren 23ko hauteskundeetarako erdietsitako koalizio akordioaren arabera, Euskadiko Podemosi zegokion Arabako eta Gipuzkoako zerrendaburuak izendatzea, eta Sumarri berari Bizkaikoa. Larunbatean jakinarazi zuten nor hautatu duten: Lander Martinez, koalizio moreko idazkari nagusi izandakoa.
M28ko udal hauteskundeetan Podemosen hautagaitzan hirugarren izan zen Presa. Goi Mailako Musika graduatua eta saxofoi-jotzailea, gaur-gaurkoz Dulantziko Udal Musika Eskolan irakasle da. Gasteizko Udal Musika Bandako kide ere izan da.
Bestalde, Pilar Garrido Euskadiko Podemoseko idazkari nagusia berriro izango da Gipuzkoako zerrendaburu. Aurreko legegintzaldian, Kongresuko Aurrekontuen Batzordeko
presidentea izan da, eta Unidas Podemoseko bozeramailea Etxebizitza arloan. Aurretik, Podemosen senataria izan zen.
Uriarteren agurra
Presaren aukeraketa Roberto Uriarte Unidas Podemoseko diputatuaren ezezkoaren ondotik etorri da. Uriartek "arrazoi pertsonalak" argudiatu ditu zerrendaburu ez izateko.
Twitterren duen profilean eskegitako bideo batean azaldu duenez, Podemosen eta Sumarren eskaintzari uko egin dio, eta bere "betiko lanera" itzuliko dela iragarri du (Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea da EHUn). Bere agurrean, Yolanda Diazi "aukera bat" emateko eskatu die herritarrei, Diaz baita, horren ustez, "berme bakarra ezegonkortasun eta naturaren kontrako itunetara ez itzultzeko".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa