Politika
DIMISIOA
EITB MEDIA
Asier Larraurik gutuna argitaratu du dimisioa aurkeztuz eta Bermeoko herritarrei barkamena eskatuz. "EH Bildun eta nire pertsonan konfiantza jarri zuten bermeotar guztiei barkamena eskatu nahi diet, eman zidaten ardurak eskatzen duen portaera eredugarria ez izateagatik", idatzi du.
Asier Larrauri kargua hartzen. EITB Mediaren irudia.
Asier Larrauri Bermeoko alkateak (EH Bildu) dimisioa eman du, bart Solluben auto-istripua izan eta alkohol-proban baimendutakoa baino tasa handiagoa eman ondoren. EH Bilduk onartu egin du dimisioa.
Bizkaiko EH Bilduk Twitterreko profil ofizialean publiko egin du Asier Larrauriren azalpen mezua: "Sinetsita nago kargu publikoek portaera eredugarria izan behar dutela eta, hori gertatzen ez denean, pauso bat albora eman behar dutela. Horregatik, Bermeoko herriaren irudia ez zikintzeko eta ordezkatzen dudan alderdiaren izen ona ez kaltetzeko, pauso bat albora egitea erabaki dut. Gaur bertan, nire dimisio eskaera onartzeko eskatu diot EH Bilduko zuzendaritza politikoari".
Era berean, barkamena eskatu die bermeoko herritarrei: "EH Bildun eta nire pertsonan konfiantza jarri zuten bermeotar guztiei barkamena eskatu nahi diet, eman zidaten ardurak eskatzen duen portaera eredugarria ez izateagatik".
Azkenik, bere udal taldearen profila goraipatu eta ondorengo urteerako "bide emankorra" opatuz agurtu du euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako oharra.
Asier Larrauriren gutuna.
— EH Bildu Bizkaia (@ehbildubizkaia) June 18, 2023
Carta de Asier Larrauri. pic.twitter.com/ftV9Q1Fa6e
Asier Larraurik larunbatean, ekainaren 17, hartu zuen kargua, udala osatzeko ekitaldian. EH Bilduk 5 zinegotzi ditu Bermeon, eta Guzan herri plataformarekin (4) egindako akordioari esker eskuratu zuen alkatetza, EAJri aurrea hartuz (8 zinegotzi).
EH Bilduren Bizkaiko Mahai Politikoak onartu egin du Asier Larrauriren dimisioa. Koalizioak ohar batean adierazi duenez, arratsaldean bertan jaso du Larraurik aurkeztutako dimisioa, eta honakoa esan du: "Euskal ezker subiranista zerbaitegatik nabarmentzen bada, sinesgarritasunagatik eta herritarrekiko konpromisoagatik da. Kargu publiko guztiek horren arabera jokatu behar dute, jokabide eredugarri eta gardenarekin".
Hori dela eta, EH Bilduren Bizkaiko Mahai Politikoak Bermeoko alkatearen dimisioa onartu du, eta eskerrak eman dizkio "bere udalerriaren eta ezker subiranistaren alde egindako lanagatik".
Guzanen adierazpena
Guzan plataforma independenteak ohar labur bat igorri du igande gauean, Asier Larrauri alkate izateko EH Bildurekin sinatutako koalizio akordioa gogoratuz, eta, egoera ikusita, "Bermeoko gobernuari egonkortasuna emateko behar diren neurri guztiak hartzeko prest" agertu da. Era berean, gogorarazi du Udal Gobernu Batzordea 2023ko ekainaren 19tik aurrera izendatuko dutela Bermeon, eta "aipatutako akordioaren arabera, talde bietako zinegotzien funtzioak emateaz gain, Xabier Ortuzar Butron (Guzan) alkateorde izendatuko dute legez Bermeoko Udalean".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa