14:00

Politika

Udalen osaketa

EAJk berriro aginduko du Durangon, baina Gernikako eta Bermeoko alkatetzak galdu ditu, besteak beste

EITB MEDIA

Guztira, 92 udaletan lortu dute jeltzaleek aginte-makila: 55 Bizkaian, 26 Araban eta 11 Gipuzkoan.

  • Besteak beste, Durangoko aginte-makila berreskuratu du EAJk. Argazkia: EFE

    Besteak beste, Durangoko aginte-makila berreskuratu du EAJk. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Joan den maiatzeko udal hauteskundeen ondoren, alderdi politikoek negoziatu egin behar izan dute azken asteotan Euskadiko udaletan gobernuak osatzeko. EAJ izan da akordio horien onuradun handienetako bat, Donostiako eta Bilboko alkatetzak mantentzea lortu baitu, PSE-EEren, lehentasunezko bazkidearen, babesarekin. Hala ere, Gasteizko aginte-makila Maider Etxebarria sozialistaren esku utzi du, bi alderdien botoak eta PPrenak batuta, EH Bilduk hiriko gobernua eskuratu ez zezan.

EAJk Euskadiko herri jendetsuenetako alkatetza gehienak ere mantendu ditu, hala nola Barakaldon, Getxon eta Basaurin, Bizkaian. Era berean, Azkoitia Bai herri plataformak bere hautagaitzari botoa ematea erabaki eta gero, Azkoitian (Gipuzkoa) berriro ere gobernuburu izatea lortu du. Araban, jeltzaleek Kuartango eta Zigoitiaren agintaldiari eustea lortu dute, PPren babesarekin. Era berean, Durangoko makila berreskuratu dute, sozialistekin egindako itunari eta popularren botoari esker. Deban (Gipuzkoa), berriz, Elkarrekin Podemos koalizioarekin adostasunera heldu eta agintea lortu du EAJk.

Hala ere, EAJk galera handiak ere izan ditu EH Bilduren aurrean, jeltzaleei Alonsotegi, Bermeo, Lekeitio, Plentzia eta Sopela, Bizkaian; Tolosa eta Arrasate, Gipuzkoan; eta Laudio eta Agurain, Araban, bezalako herrietako gobernua kendu baitie.

Gernikan (Bizkaia), EAJk Jose Maria Gorroño Guztiontzako Herria plataformako hautagaiaren alde bozkatu du, eta Oionen (Araba), EAJk uko egin dio hautagaitza aurkezteari eta bidea libre utzi dio koalizio abertzaleari. Ildo beretik, jeltzaleek Bastidan (Araba) ez aurkeztea erabaki dute, EH Bilduk gobernu popularra saihesteko eskaintza egin badu ere; hori dela eta, PPk hartu du Arabako udalerri horren agintea. EAJk Alkatetzarako hautagairik ez aurkezteko ABBk emandako agindua onartu zuten, baina, nolanahi ere, herri horretako hiru zinegotzi jeltzaleek gogor kritikatu dute erabakia, eta aitoru dute "inpotentzia eta nazka" eragiten diela. Hala, alderdia utziko dutela iragarri dute.

Gorlizen eta Zallan, aldiz, tokiko talde independenteek lortu dituzte alkatetzak, orain arte jeltzaleen esku zeudenak.

Mundakan ere sorpresa izan da gaur, EAJk udalerri horretako agintea galduta. EH Bilduk lortu du bertako Alkatetza, bertako EAJko alkate ohiaren herri plataformaren babesari esker. Orain lau urte jeltzaleek lortu zuten aginte-makila, baina hautagaiaren eta alderdiaren arteko desadostasunengatik, zentsura-mozioa aurkeztu zioten eta 2021eko urrian kargugabetu.

Guztira, EAJk 92 udalen buru izatea lortu du Euskadi osoan. Gehienak Bizkaikoak dira, 55 alkate lortu baititu; Araban, 26 udaletan nagusitu da, eta Gipuzkoan, aldiz, 11 udalerritan gobernatuko du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena