Politika
Udalen osaketa
PSEk historia egin du Gasteizko Alkatetzan, eta feudo nagusiei eutsi die Bizkaian eta Gipuzkoan
EITB MEDIA
Gasteizko lehenengo emakumezko alkate bihurtu da Maider Etxebarria. Gainera, feudo sozialista tradizionalei eutsi die PSEk, hala nola, Ermuan, Irunen, Portugaleten eta Eibarren, besteak beste.
-
EAEko alkate sozialista batzuk. Argazkia EITB MEDIA
Gaur, ekainak 17, EAEko eta Nafarroako udalak osatuta geratu dira, azken asteetan izandako elkarrizketen eta akordioen ostean. Joan den maiatzaren 28an izandako udal eta foru hauteskundeetan EH Bildu izan zen EAEko udaletan ordezkari gehien lortu zituen indarra, 1050 zinegotzi guztira. EAJk 981 eskuratu zituen, PSE-EEk 207, PPk 71 eta Elkarrekinek 46.
Hauek dira Alderdi Sozialistak EAEn eskuratutako edo mantendutako Alkatetza nagusiak:
ARABA
Maider Etxebarria (PSE-EE) Gasteizko alkate izendatu dute, EAJren eta PPren babesari esker. EH Bildu zerrenda bozkatuena izan zen, baina Rocio Viteroren hautagaitzak ez du boza nahikorik lortu inbestidura saioan.
Zanbrana eta Iruña Oka bezalako Arabako udalerrietan ere alkate sozialista izango dute.
BIZKAIA
Beren feudo nagusiei eutsi die PSEk Gipuzkoan. Ermuan, Juan Carlos Abascal izango da berriro alkate, eta Mikel Torres Portugaleten. Muskizen, berriz, Edu Briones estreinatuko da Muskizeko Alkatetzan, EAJren boza zuriari esker.
GIPUZKOA
Boto zuri horiek funtsezkoak izan dira Gipuzkoan ere. Gauzak horrela, Eibarren Jon Iraola sozialistak eutsi dio aginte-makilari, eta gauza bera Jose Antonio Santanok Irunen (bere 6. agintaldia izango da). Bestalde, Lasarte-Oria eta Zumarragako Alkatetzak sozialista izaten jarraituko dute.