Politika
Eztabaida Radio Euskadin
EITB MEDIA
Azken asteetan Ertzaintza barruan izandako ika-mikaz mintzatu dira Radio Euskadin Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiak. Polizia-eredu aldaketaren alde egin eta Ertzaintzaren sindikatuekin negoziatzera deitu dute.
Radio Euskadiko "Parlamento en las Ondas" irratsaioa. Argazkia: EITB MEDIA
Albisteak (3)
Azken asteetan Ertzaintza barruan izandako ika-mika eta ostiral honetan Ertzaintzaren sindikatuek eta 'Ertzainak borrokan' plataformak egindako bileraren gainean mintzatu dira EAEko legebiltzarkideak larunbat honetan Radio Euskadiko "Parlamento en las Ondas" irratsaioan izandako eztabaidan. 'Ertzainak borrokan' plataformak erakutsitako "irmokeria eta totalitarismoa" kritikatu dituzte ordezkari politiko guztiek.
EAJ
Eusko Jaurlaritzak ez diela ertzainen eskaerei "jaramonik egiten" ukatu du Leixuri Arrizabalaga EAJko legebiltzarkideak, eta pozik agertu da Ertzaintzaren sindikatuek ez dutelako 'Ertzainak borrokan' plataformaren azalpenei "men egin".
Arrizabalagaren esanetan, ulergarriak dira lan-baldintzak hobetzeko eskaerak, baina "atzora arte ulertzen zailagoa zen ertzainen eta sindikatuen arteko zatiketa hori". "Sindikatuekin negoziazioaren bidera" itzultzeko deia egin du, azpimarratuz Segurtasun Saila ez dela "inoiz mahaitik altxatu ezta negoziazioak apurtu ere".
EH BILDU
Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi duenez, 'Ertzainak borrokan' "amorerik ematen ez duen mugimendu totalitarioa da", eta polizia-eredua aldatzearen alde egin du, "Ertzaintzaren barruko hainbat alorretan jarrera gero eta bortitzagoak izaten ari direlako". Arresek nabarmendu duenez, "oso ideia politiko larri eta kaltegarriak dituen mugimendu bat da" 'Ertzainak borrokan', eta ez dela "egunetik egunera jaio".
PSE
Bestalde, Ekain Rico PSE-EEko legebiltzarkideak "eztabaida" eskatu du, eta defendatu du "Ertzaintza barruan ordezkaritza demokratikoa dutenak sindikatuak" direla. "Ertzaintzaren lan-harremanak hondatuta daude, eta horrek kezkatzen gaitu. Irtenbidea eztabaida da, ez dago besterik, eta hori langileek bozkatutako ordezkari sindikalen bidez egin behar da". Ricoren aburuz, Segurtasun Sailak "sindikatuekin hitz egin behar du".
ELKARREKIN PODEMOS
David Soto Elkarrekin Podemos koalizioko legebiltzarkideak ohartarazi duenez, "ultra ereduaren zantzuak" agertu dira Ertzaintzan, baina aitortu du agenteek materialei eta soldatei buruz egindako aldarrikapenak "erabat legezkoak" direla. Horren esanetan, "lan-baldintzen hondatzea poliziaren aurkako jarreraren haztegia izan da, azken urteetan Eusko Jaurlaritzaren partetik izandako pasibotasunak lagunduta".
PP
"Ertzaintza kudeatzen jakin ez izana" leporatu dio Carmelo Barrio Alderdi Popularreko bozeramaileak Segurtasun Sailari, eta autokritika egiteko eskatu dio. Polizia-ereduaren gaineko hausnarketa plazaratu du, eta galdetzea "zergatik egin duten hain kudeaketa txarra Segurtasuna Sailak eta Jaularitzak".
VOX
Azkenik, Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak egoeraren erantzukizuna egotzi dio ere Segurtasun Sailari, "eztabaida faltagatik eta utzikeriagatik". "Nahi zuena lortu du Erkorekak: Ertzaintzaren kideen eta sindikatuen arteko borroka", gaineratu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa