16:07

Politika

U23

Podemos Sumarrekin aurkeztuko da U23ko bozetara, baina moreek ez dute "betorik" nahi Irene Monterorentzat

EITB Media

Sumarrek gaur arratsaldean aurkeztuko du koalizio aurrerakoiaren hautagaitza. Bitartean, ekainaren 19ra arte Irene Montero koalizio aurrerakoiaren zerrendan sartzen saiatuko dira Podemoseko kideak, orduan amaituko baita hautagaiak erregistratzeko epea.

2:26
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Podemos eta Sumar uztailaren 23ko hauteskunde orokorretara koalizioan aurkeztuko direla iragarri du ostiral honetan Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusiak. Testuinguru horretan, datorren legegintzaldian alderdi morea Kongresutik kanpo geratzeko arriskua dagoela ziurtatu du, eta "bidezkoa den akordio bat" eskatu dio Yolanda Diazen plataformari, "inolako betorik jarri gabe", Irene Montero aipatuz.

Alderdiak zabaldutako bideo batean azaldu duenez, Podemosek "konpromiso tinkoa" du batasunarekin, koalizioan aurkezteko erabakia hartuta dute jada eta alderdi moreak Sumar plataforman izango duen ordezkaritza "bermatuta" dago. Dena dela, "bidezkoa den akordio bat" bilatuko dutela nabarmendu du.

Halaber, koalizioa behar bezala erregistratzeko "azken minutura iritsi beharrik ez izatea" espero duela esan du Belarrak, epea gauerdian amaitzen dela gogoan izanda. "Negoziazioetan ez dugu betorik onartzen", azpimarratu du Podemoseko idazkari nagusiak, eta "alderdikideekiko errespetua guztiz funtsezkotzat" jo du. Horrez gain, Yolanda Diazen plataformak egin dien azken proposamenarekin, alderdi morea Kongresuan "ordezkaririk gabe" gera daitekeela deitoratu du Belarrak. "Bidegabea iruditzen zaigu hori", gaineratu du.

Sumarrek irmo erantzun dio Podemosi

Horren aurrean, Sumarrek dio alderdi moreak koalizioan duen presentzia eta ordezkaritza "erabat bermatuta" dagoela, eta gaur arratsaldean Espainiako Hauteskunde Batzordean aurkeztuko dute koalizio aurrerakoiaren hautagaitza, bi aldeen arteko negoziazioak gehiago luzatu gabe.

Horrenbestez, ez dute azken minutura arte negoziatzen jarraitu nahi, eta ez dute onartuko aurreko hauteskundeetan Andaluzian gertatu zena errepikatzea, Podemosekin izandako tira-biren ondorioz negoziazioak azken unera arte luzatu zirela gogora ekarriz. Izan ere, horrek koalizioa garaiz erregistratzea zaildu zuela salatu du Sumarrek.

Yolanda Diaz buru duen Sumar plataformak gaur arratsaldean bertan erregistratuko du hautagaitza, Podemosen baiezkoa jaso ondoren. Dena dela, alderdi moreak "bidezkoa den akordio bat" eskatu du, "inolako betorik jarri gabe", Irene Montero aipatuz. Bitartean, ekainaren 19ra arte, Irene Montero koalizio aurrerakoiaren zerrendan sartzen saiatuko dira Podemoseko kideak, orduan amaituko baita hautagaiak erregistratzeko epea.

Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko presidenteorde ohiak erreakzionatu egin du Monteroren figurari ustez ezarritako betoaren aurrean. "Gaur isildu egingo naiz malkoak ez erortzeko, hori bai, harro nagoelako", esan du Iglesiasek 'Canal Red' Interneteko telebistan aurkezten duen saioan.

Ondorengo alderdiek akordioa itxi dute jada Yolanda Diazen plataformarekin: Drago Canarias, Iniciativa del Pueblo Andaluz, Batzarre, Chunta Aragonesista, Equo Berdeak, Ara Mes eta Compromis. Gainera, Ezker Anitza-IU eta En Comu Podem alderdiak ere Sumar koalizioan aurkeztuko direla iragarri dute arratsalde honetan bertan. Mas Madridek, asteazkenean hartu zuen koalizioan aurkezteko erabakia, osoko bilkuran, baina baldintzak jarrita; bere marka errespetatzea eta maiatzaren 28ko hauteskundeetako emaitzak errespetatzea koalizioaren zerrendetan.

Podemoseko militanteen babesa zuzendaritzari

Podemosen barne bozketa amaitu ostean egin ditu adierazpenak Belarrak. Goizean, alderdi moreko militanteek Yolanda Diazen plataformarekin negoziatzen jarraitzeko eta horrekin balizko akordio bat ixteko baimena eman diote zuzendaritzari.

Zehazki, 52.829 militantek eman dute botoa kontsultan, eta 49.089 (% 92,92) negoziazioen alde agertu dira, eta 3.568 (% 6,75) aurka. Halaber, 172k (% 0,33) boto zuria eman dute. Testuinguru horretan, alderdi moreko militanteek Yolanda Diazen plataformarekin negoziatzen jarraitzeko eta horrekin balizko akordio bat ixteko baimena eman diote zuzendaritzari.

Hain zuzen ere, proiektu berrian sartzeari buruz erabakitzeko boterea duen edo ez galdetu die zuzendaritzak oinarriei, honako galdera honen bitartez: Onartzen al duzu Podemoseko Koordinazio Kontseiluak, Herritarren Kontseiluak ezarritako batasunaren irizpideari jarraituz, Sumarrekin negoziatzea eta, hala badagokio, Podemosen eta Sumarren arteko hauteskunde-aliantza adostea? Kontsulta telematikoa 10:00etan amaitu da, hauteskunde orokorretara aurkeztuko diren koalizioak erregistratzeko epea amaitzen den egun berean, hain zuzen ere.

Bitartean, Podemosek argi utzi du Valentzian bera bakarrik aurkezteko asmoa duela, baina gainerako autonomia-erkidegoetan koalizioan aurkezteko prest agertu da. Yolanda Diazen plataformak, aldiz, baztertu egin du aukera hori, ez dela aintzat hartzen ebatzi baitu. Desadostasuna sortzen duen beste gaietako bat da Irene Monteroren hautagaitza; izan ere, zenbait eragilek ez dute Sumarren zerrendetan agertzea nahi.

Sumarren boto-paperetan Yolanda Diazen irudia jarriko dute

Sumar koalizio aurrerakoiaren boto-paperetan, Yolanda Diazen irudi bat jarriko dute. Bere garaian Podemosen erabili zuten estrategia bera da, 2014ko Europako hauteskundeetan Pablo Iglesiasen irudia erabili baitzuten.

Gerora, Iñigo Errejonek estrategia bera erabili zuen, Mas Paiseko zerrendaburu zela, 2019ko azaroko hauteskunde orokorretan. Urte bereko maiatzean, Madrilgo Udalerako eta autonomia erkidegorako hauteskundeetan, boto-paperetan Manuela Carmenaren eta Errejonen irudia agertu zen, alderdiaren logotipoaren ordez, bien hautagaitza errazago identifikatzeko.

Hain zuzen ere, Errejon Sumar koalizioaren zerrendetan egongo da Madrilen, eta konkretuki hautagai-zerrendako laugarrena izango da, akordioa ezagutzen duten iturriek adierazi dutenez. Horrela, orain arte diputatu izan dena Podemosen aurretik joango da. Zerrendako bosgarren tokia gordeko zaio alderdi moreari.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena