Politika
Negoziazioa
Agentziak | EITB Media
Maria Chivite sozialistak nabarmendu duenez, PSN "eskuzabala" izan da, eta eskuzabaltasun hori "elkarrenganakoa" izatea espero du. Bestalde, Uxue Barkosek "pozik" hartu du sozialistek "Parlamentuko Mahaiaren aniztasunari eta Ganberako Presidentetzari buruz" duten jarrera aldatu izana.
PSNren eta Geroa Bairen ordezkariak gaurko negoziazio bileran. Argazkia: EFE
PSNk eta Geroa Baik akordioa lortu dute gaur, sozialistek Uxue Barkosen alderdiari babesa emateko, Parlamentuko Presidentetza lor dezan. Hala ere, Zurekin Nafarroa koalizioaren babesa ere behar dute.
Bi indar politikoek bigarren bilera egin dute gaur Nafarroako Parlamentuan, Foru Gobernua osatzeko bidean aurrera egiteko, eta, lehenik eta behin, PSNk eta Geroa Baik Parlamentuko Mahaiko Presidentetza izan nahi bazuten ere, azkenean sozialistek koalizioari "utzi" egingo diote kargua. Horrela, Unai Hualde jarduneko presidenteak karguan beste legealdi bat errepika lezake.
Joan den astean, tentsioek eta eskaerek markatutako lehen batzarraren osteko bigarren bilera honetan, sintonia handiagoa izan da, eta, gutxienez, Parlamentuko Mahaiko Presidentetzaren zalantza argitu dute.
Maria Chivite hautagai sozialistak azaldu duenez, PSN "eskuzabala" izan da, eta eskuzabaltasun hori "elkarrenganakoa" izatea espero du, "herritarren babesa" kontuan hartuta. "Negoziazioak hortik joan behar du", gaineratu du.
Chivitek berretsi duenez, ez da EH Bildurekin bilduko Gobernua osatzeko, eta Exekutiboa lehenbailehen osatzea "desiragarria" litzatekeela esan du, baina Gobernuko kideak "eroso" dauden akordio batekin izan behar dela erantsi du. Iruñeko Udalari dagokionez, Chivitek esan du PSNk "hirugarren bide bat" ireki duela eta "aurrera nola egiten duen" ikusi beharko dutela orain.
Bestalde, Uxue Barkos Geroa Baiko hautagaiak "pozik" hartu du PSNk "Parlamentuko Mahaiaren aniztasunari eta Ganberako Presidentetzari buruz" duen jarrera aldatu izana.
Barkosen hitzetan, duela lau urte PSNk uko egin zion EH Bildu Mahaiko kide izateari, baina oraingoan "jarrera aldatu du". "Espero dut hilaren 16an akordioa ondo itxita egotea", gaineratu du.
"Ordezkaritza instituzionalarekin" zerikusia duten akordioak "datozen egunetan" ixteko moduan egongo direla adierazi du; izan ere, akordioa "gertuago" ikusten du Barkosek.
Gainera, Iruñeko Udalerako akordiorik lortu ez dutela-eta, "kezkatuta" dagoela esan dio PSNri, "botoen % 55 aurrerakoia delako". "Elkarrizketak tresna bat izan behar du boto horiek zuzenean zakarrontzira joan ez daitezen", ohartarazi du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa