Udal eta foru hauteskundeak
M28
EH Bildu alde nabarmenarekin garaile Gipuzkoako Batzar Nagusietan
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Ezker abertzaleko koalizioak 22 eserleku bereganatu ditu Batzar Nagusietan (bost gehiago), EAJk 17 (hiru gutxiago), PSE-EEk zazpi (bi gutxiago), Elkarrekinek bi (bi gutxiago) eta PPk hiru (bi gehiago). Parte-hartzea % 59,92koa izan da, 2019an baino ia zazpi puntu gutxiago.
EH Bilduk aurrea hartu dio EAJri Gipuzkoan, eta alde nabarmenarekin. Maddalen Iriartek irabazi ditu bozkak, 22 eserleku eskuratuta Batzar Nagusietan, 2019an baino bost batzarkide gehiago. Ezker abertzaleko koalizioak botoen % 36,64 eskuratu ditu; horrenbestez, hobetu egin ditu 2011ko datuak (botoen % 35,43 lortu zituen orduan).
Bigarren lekuan, botoen % 32,64rekin, EAJ geratu da. Eider Mendoza jeltzalearen hautagaitzak 17 eserleku eskuratu ditu, orain lau urte baino hiru gutxiago. 15.000 boto inguruko aldea atera dio Iriartek Mendozari.
PSE-EEk hirugarren lekuari eutsi dio, baina bi batzarkide gutxiago izango ditu. Jose Ignacio Asensioren hautagaitzak botoen % 15,67 eskuratu ditu, eta zazpi eserleku izango ditu Gipuzkoako Batzar Nagusietan, aurreko legealdian baino 2 gutxiago.
Elkarrekin koalizioak (Podemos Euskadik, Ezker Anitza-IUk, Berdeak Equok eta Aliantza Berdeak osatutako koalizioak) ere, bi eserleku galdu ditu, eta Miren Echevesteren zerrendako bi kide izango dira batzarkide.
Azkenik, PPk nabarmen egin du gora Gipuzkoan. Mikel Lezamaren hautagaitzak, botoen % 6,25 lortuta, hiru batzarkide izango ditu, PPk orain arte zituenak baino bi gehiago.
Parte-hartzea % 59,92koa izan da, 2019an baino ia zazpi puntu txikiagoa.
Behin emaitzak ezagututa, itunei begira jarriko dira alderdiak. Izan ere, emaitza horiekin, EAJk eta PSE-EEk (egungo formula) ez dute gehiengorik izango, eta Eider Mendozak beste alderdi baten babesa beharko du diputatu nagusi izateko. EH Bilduk ere, beste talde baten babesa ezinbestekoa izango du gehiengoa eskuratzeko.