Politika
Bizkaiko 113. udalerria
EITB Media
Juan Agustin Aizpuru Usansolo Herriko kidea izendatu dute batzorde kudeatzaileko presidente.
Bideoak (1)
Gaur eratu dute Bizkaiko 113. herri gisa Usansoloko Udala gobernatuko duen batzorde kudeatzailea, Bizkaiko Foru Aldundiak duela astebete izendatu ondoren.
Hain zuzen ere, Juan Agustin Aizpuru Usansolo Herriko kidea izendatu dute batzorde kudeatzaileko presidente.
11 kidek osatzen dute batzordea: 8 batzordekide Usansolo Herria (UH) plataformakoak dira, eta beste 3ak, EAJkoak. Banaketa 2029ko udal hauteskundeen emaitzen arabera zehaztu du Aldundiak, Hauteskunde Batzorde Zentralak hala ebatzita. Dena dela, maiatzaren 28ko bozen ondotik baliteke banaketa hori aldatzea.
Udal hauteskundeetan, Galdakaoko Udaleko ordezkariak aukeratu beharko dituzte usansolotarrek; izan ere, Usansolo oraindik ez dago tokian tokiko erakundeen erregistroan izena emanda, eta, ondorioz, ez du errolda propiorik. Horregatik ebatzi zuen Hauteskunde Batzorde Zentralak 2019ko emaitzak kontuan hartzea.
Behin batzorde kudeatzailea eratuta, erakundeak 30 egun izango ditu tokian tokiko erakundeen erregistroan izena ematea eskatzeko. Onartuz gero, Hauteskunde Batzordeak M28ko emaitzen araberako banaketa zehaztu beharko du.
Bizkaiko Batzar Nagusiek iazko azaroan onartu zuten Galdakaoko Udalak Usansolo udalerri independente bihurtzeko egindako eskaera, eta Bizkaiko 113. udalerri bihurtu zen ordura arte Galdakaoko auzo izandakoa. Estatuko Abokatutzak erabaki horren kontrako helegitea aurkeztu zuen EAEko Auzitegi Nagusian, Usansolok Estatuko araudiak ezarritako biztanle kopurua baino gutxiago duela argudiatuta —5.000 eskatzen ditu legeak, baina Usansolok 4.500 pasatxo ditu—. Auzitegiak ez zuen onartu erabakia behin-behinean baliogabetzea, baina auzia zabalik dago oraindik.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa