09:50

Politika

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Uxue Barkos: "Nafarroako alderdi sozialistak askotan, gehiegitan, Ferraz kalean du begirada"

Olatz Prat | EITB.EUS

Geroa Bai alderdiaren Nafarroako Gobernuko presidentegaiaren ustez, Nafarroan eta Espainian sozialistak gobernuan egonik, zenbait arlotan gehiago aurreratzeko erraztasunak ez dira behar bezala probestu, trafikoaren eskumena edo azpiegituretako inbertsioak, esaterako.

  • Uxue Barkos. Euskadi Irratia.

    Uxue Barkos. Euskadi Irratia.

    23:42 min
imagen player
imagen player
imagen player
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Uxue Barkos Geroa Bairen Nafarroako Gobernuko presidentegaiaren ustez, PSNren gobernuak ez dio etekinik atera Nafarroan eta Espainiako Estatuan gobernu sozialistak egoteak eman zitzaketen erraztasunei. Hala adierazi du Barkosek Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dizkioten galderei erantzunez. Ildo horretan, "legegintzaldiaren azken segundoan" sinatu den trafikoaren eskumenari dagokionez, esan du "lau urte galdu" direla, "Madrilgo espresio politikoaren eskutik oztopo handiak" izan baitira. Bi gobernuak sozialistak izanik "gauzak errazago egiterik bazegoen". Barkosen hitzetan, "sinatu den akordioa, ia koma bat aldatu gabe, 2019ko azken hilabeteetan Geroa Bairen gobernuak egindako proposamen berbera" baita. Horren inguruan "oztopo politikoak" egon daitezkeen arren, "oztopo teknikorik" ez zegoela ondorioztatu du. 

Berdintsu mintzatu da, esaterako, azpiegituren inguruan galdetutakoan ere. "Nafarroak hamarkadak daramatza inbertsio berririk izan gabe. Gure erregimen fiskalaren ondorioz, erantzukizun fiskala Moncloan dago. Nafarroaren erantzukizuna da Estatuan egiten diren inbertsioen % 1,6 ordaintzea, eta Nafarroak ordaindu du; ez ditugu ikusi, ordea, Espainiako Gobernuak ordaindu behar dituenak". Gaineratu duenez, finantziazio akordiorik ez egotearen ondorioz "geldirik daude, besteak beste, Nafarroako kanalaren obrak".

Nafarroako Parlamentuko Mahaia udaletako mahaiak osatu aurretik osatzeko erabakia hartu zuen Maria Chivitek, eta horren inguruan Uxue Barkosek azaldu du 50 urtean behin bakarrik egin dela horrela, arrazoi berezi batzuk tarteko, eta beti osatzen dela Parlamentuko Mahaia udalen mahaiaren ostean. Negoziazioetan eragiteko nahi batetik egindako mugimendua ote den galdetuta, Barkosen arabera, "zergatia ez du azaldu, ez publikoki, ez gure artean, baina, argi dago norabide horretan doala zergatia". 

Gobernukide gisa PSNrekin zenbait gaitan ados egon ez arren, "elkarrekin lan egiteko aukera ederra" izan dutela esan du Barkosek, baina "kultura politiko oso desberdina" dutela biek ala biek. Hurrengo legegintzaldian ere formula errepikatzeko prest leudekeen galdetuta, gauza asko aldatzeko eskatuko luketela erantzun du, batez ere "botere portzentaia", horien gainetik dagoelako "erantzukizun politikoa". 

Euskararen dekretuari dagokionez, Barkosek uste du "Nafarroako errealitateari begiratzen ez dion dekretua" dela, "eremu ez-euskaldunetan atzerriko hizkuntzak promozionatzen direlako, eta ez euskara". Horren esanetan, euskararen arloan Nafarroan gauza asko hobetu badira ere, "gauza asko eta garrantzitsuak daude egiteko oraindik". 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena