Politika
Gernikako bonbardaketa
Otadui harrituta agertu da Batzar Etxea Gernikako bonbardaketaren "memoria-leku" izendatu dutelako
Agentziak | EITB MEDIA
Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak esan du izendatze hori Espainiako Gobernuaren "propaganda hutsa" dela, eta azpimarratu du ez duela Batzarren sinbologia ezagutzen.
-
Gernikako Batzar Etxea, artxiboko irudian.
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea "harrituta" agertu da gaur arratsaldean, Espainiako Gobernuak Gernikako Batzar Etxea "memoria-leku" izendatu duela jakin ostean. Izan ere, duela 86 urte Alemaniako Kondor Legioak Bizkaiko udalerria bonbardatu zuela gogoratzeko egin du izendapena Espainiako Gobernuak, eta horren berri eman du ostegun honetan Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu ostean.
Antza denez, Memoria Demokratikoaren Legean oinarrituta Espainiako Gobernuak izendatu duen lehenengo "memoria-lekua" izango litzateke Gernikako Batzar Etxea, eta erabaki hori hartuta, "erabateko ezjakintasuna" eta "errespetu falta eta begirunerik eza" erakutsi du Gobernuak, Otaduiren arabera.
Ohar baten bidez, Batzar Nagusietako presidenteak tamalgarritzat jo du komunikabideen bidez jaso izana horren berri, BOEn argitaratu ondoren, are gehiago atzo arratsaldean Bolaños ministroa bera Gernikako Juntetxean egon baitzen.