Politika
Hezkuntza Legea
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Koalizio abertzaleak iragarri du "gai zehatzei" zuzenketak egin dizkiela, baina, horren ustez, "lege-proiektu honetan nahikoa oinarri dago eztabaida parlamentarioari ekin eta legegintzaldi honetan lege on bat lortzeko".
Albisteak (1)
Euskal hezkuntzaren eraikuntzan "jauzi eraldatzaile bat" emateko "aukera historiko" gisa ikusten du EH Bilduk atzo Eusko Jaurlaritzak onartutako Hezkuntza lege proiektua, eta, horren ustez, "nahikoa oinarri dago legealdi honetan Eusko Legebiltzarrak lege on bat adosteko" eta "Estatu-itun bat" erdiesteko. Horretarako, koalizioaren iritzian, "hezkuntza tradizio bakoitzaren onena" jaso eta uztartu behar dira: "ikastolen gaitasun autoeratzailea" eta "eskola publikoaren sen berdinzalea".
Donostian eskaini duen prentsaurrekoan, Pello Otxandiano EH Bilduko Programa zuzendariak lege-proiektuaren inguruko gogoeta egin du. Hasierako zirriborrotik aurrerapausoak daudela esan du, "funtsezko aldaketak norabide onean". Besteak beste, "diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek bete beharreko baldintzak, segregazioaren kontrako funtsezko neurriak, doakotasun errealera iristeko neurri zehatzak eta hizkuntzaren atala" aipatu ditu hobetu diren puntuen artean.
Hizkuntzen ikaskuntzari dagokion atalean jarri du arreta berezia. Otxandianok esan duenez, "lege-proiektu honek gainditu egiten ditu hizkuntz ereduak, eta hizkuntza politikaren paradigma berri batean kokatzen gaitu", legeak ezarritako helburuak "ezin direlako bete" orain arteko sistemarekin. Erantsi du helburua "euskaldun eleaniztunak sortzea" dela, eskolak hiztun osoak sortzeko duen ahalmenaren mugak esploratuz.
Halaber, koalizioak "begi onez" ikusten du legearen zioetan euskara "egoera minoritario eta minorizatuan" dagoela gehitu izana, euskararen ikaskuntza euskal kulturaren transmisioarekin lotzea eta ikastetxeko hizkuntza proiektuak ebaluatzeko araubidea garatzeko betebeharra jaso izana.
EH Bilduk zuzenketak aurkeztuko ditu, hainbat gai zehatzetan "zer hobetu" badagoela iritzita, "legerik onena lortzea" helburu. Gainerako alderdi eta eragileekin ados jartzeko "prestutasun osoa" adierazi du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa