Politika
Katalunia
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Aurreikusita zegoen gaurko deklarazioan Ponsati desobedientzia delituagatik auzipetzea 'prozes' auziko Llarena epaileak, 2017ko urriaren 1eko erreferendumagatik.
Kataluniako kontseilari ohi eta Europako Parlamentuko diputatu Clara Ponsati. Argazkia: EFE
Kataluniako kontseilari ohi eta Europako Parlamentuko diputatu Clara Ponsatik kale egin du 11:00etan Auzitegi Gorenean zeukan hitzordura. Agerraldian, desobedientzia delituagatik auzipetzeko erabakia jakinarazi behar zion 'prozes' auziko Llarena epaileak, 2017ko urriaren 1eko erreferendumarekin lotuta.
Ponsati, baina, ez da agertu, gaur, astelehenarekin, Europako Parlamentuan lana daukala argudiatuta.
Martxoaren 28an deitu zuen deklaratzera Goreneko Zigor Aretoko epaileak, Bartzelonan, baina Kataluniako kontseilari ohiak entzungor egin zion deialdiari. Llarenak asmoa zuen deklarazioa hartzeko, Ponsatik Bruselara ihes egin zuenean etendako jardunbideari berriro heltzeko.
Egun horretan, atzeman eta Bartzelonako guardiako epaitegira eraman zuten Mossoek, atxilotzeko aginduari men eginda. Llarenak, baina, aske uztea eta deklarazioa gaur arte atzeratzea erabaki zuen.
11:00etan, baina, ez da Auzitegi Gorenera agertu. Lehentxeago aurkeztutako idatzi baten bidez, Industria, Ikerketa eta Energia Batzordeak eta Europako Parlamentuko Gai Ekonomikoen Batzordeak —horietako kide da Ponsati— gaurko Bruselan itxita zituzten saioen berri eman dio Llarenari. "Bruselatik ehunka kilometrora dudan edozein motatako konpromisorekin bateraezina da gaurko lanaldia", arrazoitu du bere absentzia.
Horren aurrean, epaileak bost eguneko epea eman die Fiskaltzari, Estatuko Abokatutzari eta herri-akusazioari, deklaratzera joan ez izanaren inguruko iritzia eman dezaten.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa