15:50

Politika

Itsasargia

Gure Eskuk erreferenduma lortzeko helburuz lan egiteko konpromisoa berretsi du, 10. urteurrenaren atarian

eitb media

Horretarako, "burujabetza esparruak irabazteko eta euskal lurralde guztietako herritarron arteko lankidetzan sakontzeko" pausoak ematen jarraituko omen dute.

01:52
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gure Eskuk Euskal Herriaren etorkizuna "erreferendum bidez erabakitzeko eskubidea gauzatu" arte lan egiteko konpromisoa berretsi du plataformaren 10. urteurrenaren atarian Irungo Ficoban egin duten Itsasargia Nazioarteko Konferentzian.

Bertako eta nazioarteko adituen partehartzea izan duen ekitaldi horretan, "burujabetza esparruak irabazteko eta euskal lurralde guztietako herritarron arteko lankidetzan sakontzeko" pausoak ematen jarraituko dutela hitzeman dute Gure Eskuren ordezkariek.

Iñaki Soto (Gara), Ferran Casas (Nacio Digital), Maria Obelleiro (Nós Diario), Richard Walker (The National) Patricia  Mac Bride (Ireland´s future), Elena Jimenez (Omnium Cultural), Maggie Lennon (Women for Independence) eta Josu Etxaburu (Gure Esku) dira Konferentzian parte hartu dutenetako batzuk, eta eguerdian, adierazpen politikoa egin dute Josu Etxaburu bozeramaileak eta Irantzun Perello abokatuak.

Azpimarratu dute "erabakitzeko eskubidearen aldeko giro berri bat" sortzen lagundu dutela, eta "zoru amankomun bat osatzen eta elkarbizitza hobetzen" ere egin dutela ekarpena.

Hamargarren urteurrenaren atarian, Gure Eskuko kideek egindako gogoeta azaldu dute, Itsasargia deitu dioten gogoeta prozesu horren emaitza. Hala, plataformaren jardunbidea hiru zutaberen gainean oinarritzen dela ondorioztatu dute: "Etorkizun politikoa erreferendum bidez erabakitzeko eskubidean, burujabetza esparruak irabaztearen prozesuan eta euskal lurralde guztietako herritarron arteko lankidetzan".

Perellok esan du bide horretan "gakoa" izango dela "urrats burujabeak egitea eta arnasgune burujabeak eraikitzea".

Era berean, norabide berean mobilizazioak antolatzeko prest agertu dira, herritarrak aktibatze aldera, eta gehiengo sozio-politikoak eraginkor bihurtzen saiatuko dira.

Horren harira, mobilizazioak iragarri dituzte ekainaren 8rako Bilbon, eta uztailaren 1, 2 eta 3rako Tourraren harira.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena