Politika
Kongresua
Agentziak | EITB Media
Irene Montero Berdintasun ministroak akordioa lortu nahi ez izatea leporatu die sozialistei, eta erantzun bateratua ez ematea deitoratu du.
PSOEk bultzatutako "bai bakarrik da bai" legearen erreforma onartu du gaur Espainiako Diputatuen Kongresuak, aldeko 233 botorekin (PP, EAJ, Cs, PdeCat, UPN eta CC), aurkako 59 botorekin eta 4 abstentziorekin (Junts). Voxek ez du bozketan parte hartu.
09:00etan hasi den eztabaidan, Irene Montero Berdintasun ministroak akordioa lortzeko borondate falta egotzi dio PSOEri, eta koalizio gobernuak erantzun bateratua ez ematea deitoratu du. Horren esanetan, "bere aukeren gainetik" bilatu du ituna Unidas Podemosek. "Gaur gutxiengoan geratzen gara, lanean jarraituko dugu, aurrera egitea baita feministok egiten dakiguna", gaineratu du.
Irene Monterok berretsi du erreformak ez duela balioko dagoeneko murriztu diren zigorrak lehengoratzeko, eta PPk aldaketa zergatik babestu duen galdetu dio PSOEri. Berdintasun ministroaren iritziz, PPk aldeko botoa ematen badu izango da emakumeen eskubideentzat "aurrerapausoa" baino "atzerapausoa" delako.
Berdintasun ministroak adierazi du gaurkoa dela Kongresuan bizi izan duen egunik "zailena", urte askotako borroka behar izan delako "onespena erdigunean jartzeko" eta lege horren aurkako erreakzioak "atzera-buelta" bat eragin duelako orain.
Andrea Fernandez PSOEko Berdintasun idazkariak bere hitzaldian aitortu du aho gustu "gazi-gozoa" duela PPrekin adostu behar izan dutelako legearen erreforma. Edonola ere, "bai bakarrik da bai" legea eraberritzeko beharra defendatu du, eta ziurtatu du "zuzenketa tekniko batzuk" egin direla, baina ez duela onespenaren definizioa aldatzen.
ERCk eta EH Bilduk, Unidas Podemosek bezala, PSOEren erreformak onespena arauaren erdigunetik kenduko duela salatu dute. Pilar Vallugera ERCko diputatuaren arabera, "paradigma hori aldatu behar genuen eta zuek atzera itzuli duzue". Bel Pozueta EH Bilduko diputatua ildo beretik aritu da: "Askeak eta eskubideen jabeak izan nahi dugulako, onespena ez da ukitzen".
Mikel Legarda diputatuak EAJren aldeko botoa defendatu du. Horren hitzetan, sortutako "alarma soziala" konpontzera dator erreforma. Hala ere, onartu du etorkizunera begira egindako zerbait dela eta ez duela jada egin dena desegingo. "Sentitzen dugu zuen eskaerei lehenago erantzun ez izana", erantsi du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa