Politika
EAEko hauteskundeak
Laura Mintegi, jakinmin handiena piztu duen lehendakarigaia
Erredakzioa
Lizarran (Nafarroa) jaio zen, baina Bizkaian bizi da. Historian lizentziatua eta Psikologian doktorea da. Hauteskunde orokorretan Amaiurren zerrendetan aurkeztu zen.
-
Laura Mintegi Euskal Herria Bilduren lehendakarigaia. Argazkia: basqueliterature.com
Lizarran (Nafarroa) jaio zen Euskal Herria Bildu koalizio abertzalearen lehendakarigaia, Laura Mintegi, baina Bizkaian bizi da. Historian lizentziatua eta Psikologian doktorea da, eta egun Hizkuntza eta Literatura Didaktikaren Sailean irakasle lanetan dabil EHUn. Euskaltzain urgazlea eta idazlea ere bada Mintegi, eta hainbat lan kaleratu ditu, tartean Sisifo maite minez, Legez kanpo eta Nerea eta biok.
lan horiengatik hainbat Literatura Sari bereganatu ditu, horien artean Azkue Nobela Saria, Donostia Hiria Saria eta Jon Mirande Saria. Ohiko kolaboratzailea da hedabideetan, bai ikus-entzunezkoetan bai eta idatzizkoetan ere.
Azaroko hauteskunde orokorretan, bere burua Senaturako hautagai aurkeztu zuen, Amaiurreko Bizkaiko zerrendetan. Bigarren zegoen bertan, baina ez zen aukeratua izan. 1987 eta 1989ko Europar Parlamenturako hauteskundeetan ere Herri Batasunako zerrendetan joan zen.
Gaztetatik hainbat mugimendu politiko, sozial eta kulturaletan aritu da. Egunkariaren Babes Taldean, Gernika Deialdian, Kulturaz Blai-n, euskal presoen eskubideen aldeko hainbat ekimenetan eta Euskararen Unibertsoan besteak beste.
Euskal Herriko Unibertsitateko errektoregai izan da bi aldiz. Euskaltzaindiko urgazle da 2006tik, eta 2004tik Euskal PEN klubeko presidentea.