20:27

Politika

Biktimak

Tolosako eta Erandioko udalek biktimen bilatzaileak desaktibatzeko eskatu diote Aranzadiri

EITB MEDIA

EAJk (alderdi hori dago agintean herri horietan) adierazi duenez, "gauza bat da giza eskubideen urraketen biktima izatea eta beste bat espetxe politika bidegabeena izatea".

03:32
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Erandioko (Bizkaia) eta Tolosako (Gipuzkoa) udalek (EAJ dago agintean bietan) oroimen webguneetako bilatzailea desaktibatzeko eskatu diote Aranzadi zientzia elkarteari, biktimen zerrendetan ETAko kideak agertzea ahalbidetzen duten irizpideak zuzendu arte.

Polemika Galdakaon (Bizkaia) hasi zen, asteartean. Izan ere, PSE-EEren udal taldeak Galdakao Oroimena udal webgunetik ETAko kideen izenak kentzea eskatu zion udal gobernuari (EH Bildu, Azoak, Usansolo Herria eta Podemos), "giza eskubideen urraketen biktima gisa" agertzen direlako.

Gaur, EAJk eta PSE-EEk legez besteko proposamena aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean, Galdakaoko alkateari zerrenda hori zuzentzea eskatzeko. Alkatetzatik biktima guztiei errespetua agertu diete, "salbuespenik gabe eta horien erabilera politikoa errefusatuta".

Besteak beste, Xabier Garcia Gaztelu Txapote ETAko buruzagi ohia ageri da Galdakaoko udal zerrendan, biktima gisa, "espetxe-politika eta salbuespenezko legeen aplikazioa" kategorian.

Nolanahi ere, Covitek salatu duenez, Galdakaon ez ezik, beste hainbat herritan ere sartu dituzte ETAko kideak biktimen zerrendetan, hala nola Hernanin. Herri horren oroimen webgunean, Ekain Ruiz ETAko kidea ageri da biktima gisa, "bortizkeria politikoak ondorioztatutako beste gertaera batzuk" atalean. Ekain Ruizek lotura izan zuen Jose Maria Martin Carpena Malagako PPko zinegotzia zena hil zuen komandoarekin, eta manipulatzen ari zen lehergailuak eztanda eginda hil zen.

Terrorismoaren biktimen elkarteak aipatutako herri gehienak EH Bilduren esku daude, baina EAJko batzuk ere badaude. Erandio eta Tolosa dira horren adibide.

Horren ildotik, Tolosako kasuari dagokionez, EAJren GBBtik azaldu dute Aranzadiren lana EH Bilduk enkargatu zuela 2014an, koalizio abertzalea agintean zegoenean, eta iraganean zerrenda zuzentzeko eskatu ziotela zientzia elkarteari. Izan ere, "gauza bat da giza eskubideen urraketen biktima izatea eta beste bat espetxe politika bidegabeena izatea". Horrenbestez, EAJren udal gobernuak bilatzailea desaktibatzea eskatu dio Aranzadiri.

Erandion ere, bilatzailea desaktibatzeko eskatuko diote Aranzadiri, eta nabarmendu dute Gogora Institutuarekin lanean ari direla biktimak aintzatesteko.

Azkenik, Aranzadik esan du Galdakao Oroimena webgunean "bortizkeria politikoak ondorioztatutako beste gertaera batzuk" azpiatalean daudela ETAko kideak, ez "giza eskubideen urraketa larriak" izenekoan.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena