Itxi

Politika

Bizkaia

EAJk eta PSE-EEk Galdakaoko alkateari eskatu diote ETAko bi kideren izenak biktimen zerrendatik ken ditzala

EITB MEDIA

Legez besteko proposamena aurkeztu dute Legebiltzarrean, Udalak terrorismoaren biktimak "iraindu" eta horien eskubideak urratu dituela iritzita.

1:24

EAJk eta PSE-EEk legez besteko proposamena aurkeztu dute Legebiltzarrean, Galdakaoko alkateari eskatuz ken ditzala ETAko bi kideren izenak Udalaren Galdakao Oroimena web orrian azaltzen den biktimen zerrendatik. EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemos alderdiek osatutako koalizioa du buru Udalak.

Memoria historikoari eskainita dago aipatu web orria, eta Xabier Garcia Gaztelu eta Jon Bienzobas ere aipatzen dira bertan. Biak ala biak "jazarpen polizialaren biktima" gisa ageri dira bertan, torturen beldur edo salbuespeneko espetxe politikaren ihesean atzerrira joan behar izan zutelako.

Horrekin, Udalak terrorismoaren biktimak "iraindu" eta horien giza eskubideak urratu dituela iritzi diote sozialistek eta jeltzaleek.

Legez besteko proposamen horretan, terrorismoaren biktimen "aitortza, egia, justizia eta ordaina" bermatzeko beharra azpimarratu dute. 

Halaber, proposatzen dute memoria "etiko eta demokratikoa" eraikitzea, "terrorismoaren bidegabekeriaren eta indarkeria politikoaren aitortzan oinarritutako bizikidetza eratze aldera".

Zentzu horretan, "biktimatzat jo ezin diren" pertsonak zerrenda horretatik kentzeko eskatu dute; izan ere, "terrorismoan parte hartu dute", "horietako batzuk bizitzaren eta beste oinarrizko eskubide batzuen aurkako delitu larriekin, gainera".

Erreakzio gehiago

Bestalde, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU taldeak Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak adierazi du ezin direla maila berean jarri "biktima eta biktimagilea", hori egitea "umilazioa" baita terrorismoaren biktimentzat. "Hori ez da bidea egia eta justizia lortzeko eta biktimei erreparazioa emateko", esan du.

Era berean, Elkarrekin Podemosek dei egin du biktimen zerrenda guztietan kategoriak ezartzeko; "giza eskubideen urraketak pairatu dituztenak", alde batetik, eta "helburu politikoko indarkeriek eragindako sufrimentuenak", bestetik.

Horren ildotik, Covitek salatu du EAEko beste sei herritako memoria webguneetan ere ETAko kideak dituztela biktimen zerrendetan; Villabona, Oiartzun, Hernani, Azpeitia, Tolosa eta Orio udalerrietako biktimen zerrendetan, hain zuzen. Herri horietako bostetan EH Bildu dago Alkatetzan, eta EAJ dago bestean, Tolosakoan.

Bestalde, Javier Buces Aranzadiko historiagileak atzo gogoratu zuen aurretik beste hainbat herritan eginak dituztela horrelako web orriak; Erandion, Hernanin eta Tolosan, besteak beste.