14:58

Politika

Aberri Eguna 2023

EH Bilduk "herri mailako akordio zabalak" egiteko prestutasuna berretsi du Iruñeko Aberri Egunean

eitb media

Milaka pertsonaren aurrean, Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak eskua luzatu die eragileei “minimoetan oinarritutako” adostasun zabalak lortzeko.

02:33
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EH Bilduk milaka pertsona elkartu ditu euskal errepublika eraikitzearen alde Iruñea zeharkatu duen manifestazioan, "maite dugun herria" lelopean, eta "demokrazia eta subiranotasuna" aldarrikatzeko.

Manifestazioaren amaieran, 13:00 aldera, Laura Aznal EH Bilduren Nafarroako Gobernurako presidentegaiak, Declan Kearney Sinn Feineko koordinatzaile nazionalak eta Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak hartu dute hitza, hurrenkera horretan, Antoniutti parkean egindako ekitaldian.

Otegik azpimarratu du ezkerreko independentistek osatzen dutela "itxaropenaren blokea, konpromisoarena, eta herri klaseekin konplizitatea duena". Bi interpelazio zuzen egin ditu. Alde batetik, Euskal Herriko eragileei zuzendu zaie esateko "herri mailako itunak" lortu nahi dituela EH Bilduk, eta "arlo guztietan" ari direla hori jorratzen "subiranotasunera bidean". 

"Berriro esango dut eskua luzatuta dugula minimoetan oinarritutako fronte zabalak eraikitzeko, beste eredu ekonomiko bat eskaintzeko...", azpimarratu du.

Bigarren interpelazioa, berriz, Espainiako eta Frantziako estatuetako alderdi ezkertiarrei zuzendu die: "Ezin da ezker eraldatzailerik egon ez bada herrien autodeterminaziorako eskubidea errespetatzen. Ez dago benetako ezkerrik ez badute naturaltasunez onartzen estatua plurinazionala dela eta autodeterminatzeko eskubidea dugula".

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusia, Iruñean. Argazkia: EFE

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusia, Iruñean. Argazkia: EFE

Aznalek, bestalde, eta hauteskunde klabean, adierazi du "erakundeetatik eta kaletik elkar hartuta bultza eginez gero, nahi dugun guztia" lor dezaketela. "Independentzia!" oihuen ostean, "enpleguan eta osasungintzan eragiteko, etxebizitza eskubidea bermatzeko" tresnak aldarrikatu ditu: "Tresna guztiak behar ditugu hemen eta orain erabakitzeko".

Irlandatik etorritako Declan Kearney Sinn Feinen koordinatzaile nazionalak "konpromiso politikoa"ren garrantzia azpimarratu du helburuak lortzeko, eta zentzu horretan, aliantzak sortzeari eta herri oinarriak batzeari eman dio garrantzia. Azkenik, eta hauteskundeetan (Ipar Irlandan ere hauteskundeak dira maiatzean) "eraldaketarako" babesa lortzeko aldarrikapena egin ondotik, euskal presoak etxeratzea eskatu du, "lehentasun humanitario" gisa.

Eguraldia lagun, jende andana joan da Nafarroako hiriburura, baina ez euskal herritarrak soilik. Izan ere, Irlandako Sinn Feineko, ERC eta CUP alderdi katalanetako eta BNG alderdi galegoko ordezkariak EH Bildurekin batera izan dira ezker independentistak Iruñean ospatu duen Aberri Egunean. 

ERCren aldetik, Marta Rosique diputatua eta Pau Morales barne antolaketako arduraduna joan dira Iruñera. Albert Gimenez CUPeko idazkari nagusiak ordezkatu du Kataluniako alderdia. BNG aldetik, Ruben Cela izan da Iruñean, Galiziako subiranisten nazioarteko arduraduna. Michael Forrest Kanakiako FLNKSko ordezkaria ere izan da Iruñean EH Bilduren ondoan.

Alderdi bakoitzak bere aldetik ospatzen du Aberri Eguna, baina gogoratu behar da atzo EH Bilduk berak, EAJk eta Podemosek bat egin zutela Baterarekin Aberri Egun bateratuaren aldarrikapenean (1978an egin zuten azken Aberri Egun bateratua).

Bestalde, EHBaik antolatuta, asteburu osoko Aberri Eguna ospatu dute Itsasun (Lapurdi), eta 11:00etan manifestazioa egin dute EH Bildurekin batera kaleratutako adierazpena aldarri.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena