10:45

Politika

Elkarrizketa Radio Euskadin

Aizpurua, Aberri Egunera begira: "Konpromiso kolektiboa inoiz baino beharrezkoagoa da"

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaileak Aberri Egun bateratu baten alde egin du, errealitate bat dela iritzita: "Nazionalistak ez diren indarrak ere batu beharko lirateke, herritarrak hobeto bizi daitezen. Ez da amets bat, uste dut ez litzatekeela hain zaila izan beharko".

  • EH Bilduko Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpurua

    EH Bilduko Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpurua. Artxiboko argazkia: EITB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Igandean Iruñean egingo duten Aberri Egunaren atarian, EH Bilduren Kongresuko eledun Mertxe Aizpurua Radio Euskadiko "Boulevard" saioan izan da. "Maite dugun herria" leloa aukeratu dute aurtengo hitzordurako, eta horri buruz esan du "esamolde" hori bat datorrela "EH Bilduk herri honetan egin nahi duenarekin". Konpromiso kolektiboa inoiz baino garrantzitsuagotzat jo eta Aberri Egun bateratu baten alde egin du: "Nazionalistak ez diren indarrak ere batu beharko lirateke, herritarrak hobeto bizi daitezen. Ez da amets bat, pentsatzen dut ez dela hain zaila".

Maiatzeko hauteskundeak mintzagai hartuta eta PSNren eta UPNren arteko balizko itunak ahotan, zera esan du: "Ikusi beharra dago zer gertatzen den. Argi daukat Joseba Asiron izango dela boto gehien lortzen dituen alkategaia. Arduraz jokatu behar dugu. Lehenengo urratsa da eskuinari ateak ixtea, hortik aurrera hitz egingo dugu hitz egin beharrekoari buruz", adierazi du nafar sozialistek UPNren alde egingo balute Madrilen PSOE babesten jarraituko ote luketen galdetuta. "Ferrazen badaki zer gerta daitekeen", zehaztu du.

Yolanda Diazen eta Podemosen arteko "krisiaz" ere jardun du. "Nik, pertsonalki, honek guztiak izan ditzakeen ondorioak aintzat hartzea eskatuko nieke. Bidea batera ez egiteak, hondamena ekar liezaioke ezkerrari. Elkarren beharra dute, eta, hortaz, elkar ulertu beharra daukate, egoerak okerrera egitea eta lau urteko legealdia ilusio batean geratzen nahi ez badute", erantsi du.

Azkenik, Arturo Espejo guardia zibilaren aferaz hitz egin du, jazotakoa "iraingarria" dela iritzita. Aizpuruak uste du Espainiako Gobernuan badagoela gertatu denarekin ados ez dagoenik ere. "Ondo dago babesa erakustea, baina babes moral hori itzalean uzten dute gisa horretako kargu igoerek. Errealitatea onartu beharra dago, eta ezin dira horrelako gauzak jasan", bukatu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena