Politika
U-1
EITB Media
Junts alderdiko eurodiputatua bost urtez Eskozia eta Belgika artean bizi ondoren iritsi da Kataluniara, U-1aren ondoren. Rac1 hedabidearen arabera, asteazken honetan Bruselara joango da hegazkinez, Europako Parlamentuan egingo den osoko bilkuran parte hartzera.
Clara Ponsati Junts alderdiko eurodiputatua Bartzelonan gaur. Irudia: EITB
Clara Ponsati Junts alderdiko eurodiputatua Kataluniara itzuli da gaur, nahiz eta Espainiak atxilotzeko aindua eman. Ponsatik esan du itzuli egin dela, ez "itunik egiteko", baizik eta kataluniarren eskubideak "sistematikoki urratzen direla salatzeko" eta "aurre egiteko".
ACNk aurreratu duenez, Ponsati bost urtez Eskozia eta Belgika artean bizi ondoren iritsi da Kataluniara, U-1aren ondoren.
Kataluniako hedabideek zehaztu dutenez, eurodiputatua muga zeharkatuz itzuli da. Hezkuntza kontseilari ohia eguerdian iritsi da eta prentsaurrekoa eskaini du Belgikatik itzuli dela azaltzeko.
"Eurodiputatua naiz eta immunitatea dut Europar Batasun osoan, Espainian bakarrik ez naute onartzen", esan du Ponsatik prentsaurrekoan, Kataluniako Kazetarien Elkargoan, Bartzelonan, eta eurodiputatu izaten jarraituko duela ziurtatu du.
Atxilotzeko agindua du indarrean Espainian, desobedientzia-delitua egotzita, urriaren 1eko erreferenduma antolatzeagatik. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako kautelazko immunitate europarlamentarioa ere badu.
Pablo Llarena proces auziaren instrukzio-epaileak auzipetzea sedizio-delituaren indargabetzera egokitu ostean itzuli da Ponsati. Orain, desobedientzia-delitu bat baino ez dio leporatzen, eta horrek ez dakar espetxe-zigorrik, bai, ordea, inhabilitazioa.
Rac1 hedabidearen arabera, asteazken honetan Bruselara joango da hegazkinez, Europako Parlamentuan egingo den osoko bilkuran parte hartzera.
Erreakzioak
Horri buruz galdetu diotenean Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak erabakia Justiziaren esku utzi du: "Egoki diren neurriak hartuko dira, betiere Justiziak segurtasun indarrei ezartzen dien irizpideari eta aginduari jarraiki".
Senatuko pasilloetan gaineratu duenez, "Justiziak ezarri beharko ditu jarduteko irizpideak une oro, eta, jakina, Estatuko segurtasun indarrek polizia judizial gisa jarduten dute haren agindupean".
¿¿@JuntsXCat expressa el seu ple suport a la consellera @ClaraPonsati en la seva decisió de tornar a Catalunya, emmarcada en l’àmbit de la confrontació intel·ligent. Ens posem a la seva disposició per tot el que necessiti.
— Junts per Catalunya¿ (@JuntsXCat) March 28, 2023
¿Secretari general @jorditurull¿ pic.twitter.com/Fm1GMioawe
Jordi Turull Junts alderdiko idazkari nagusiak Clara Ponsati kontseilari ohiaren "immunitatea" errespetatzeko eskatu dio Espainiako Estatuari.
"Estatuari eskatzen diogu duen immunitatea errespeta dezala eta ez dezala bere askatasuna eragotziko duen ekintzarik egin. Espainiak erabateko demokrazia izan nahi badu, orain du aukera ", nabarmendu du alderdiaren Twitter kontuan argitaratutako bideo batean.
Turullen ahotan, Ponsatiren balizko atxiloketak "Auzitegi Gorenaren erabakien neurrigabekeria frogatuko luke, deklaratzera deitu ere egin ez duten pertsona bat atxilotzeko aginduz, eta, gainera, espetxe-zigorrik ez dakarren delitu batengatik" .
Baina, kontseilari ohi eta eurodiputatuak Kataluniara itzultzeko hartutako erabakia babestu du, "konfrontazio inteligentearen esparruan" kokatzen baitu.
Bere iritziz, Ponsatik ez du deliturik egin, "U-1eko erreferenduma zilegi izan zelako, berme demokratiko guztiekin, eta inor ez delako jazarri behar hautetsontziak jartzeagatik".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa