Itxi

Politika

EITB Focus

Bizkaia: EAJk gehiengo osoa lortuko luke 40 urtean lehen aldiz

D. P. | eitb media

Alderdi jeltzaleak duela lau urte baino ordezkari bat gehiago lortuko luke. EH Bilduk hazkunde handiena izango luke, bi ordezkari gehiago eskuratuta. PSE-EEk eutsi egingo lieke azken emaitzei, eta Elkarrekin koalizioa eta PP jaitsi egingo lirateke.

  • eitb focus

    EITB Focus

EAJk gehiengo osoa lortuko luke Bizkaiko Batzar Nagusietarako hauteskundeetan, 40 urtean lehen aldiz, eta, ondorioz, Elixabete Etxanobe hautagai jeltzalea izango litzateke ahaldun nagusia, EITB Focus makroinkestaren arabera.

Euskadin inoiz egindako inkesta handiena da EITB Focus, eta maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeak egiteko bi hilabete baino ez direnean falta egin dute.

Inkesta horren arabera, EAJk 26 batzarkide lortuko lituzke Bizkaian, hau da, duela lau urte baino bat gehiago, eta haren boto-portzentajea ia bi puntu haziko litzateke, 2019ko % 43,5etik aurtengo % 45,4ra.

EITB FOCUS

EITB FOCUS

Bigarren lekua EH Bilduk izango luke, urrun, baina hori bai, 2019ko emaitzak aise hobetuta. Hain zuzen ere, 12 ordezkari eskuratuko lituzke (2 gehiago), eta botoen % 22,6 (2,7 puntu gehiago). Hazkunde handiena izango lukeen indar politikoa izango litzateke koalizio abertzalea.

PSE-EEk eutsi egingo lioke egungo ordezkari kopuruari (8), baina boto-portzentaje txikiagoarekin: % 15,4, duela lau urteko % 16,6ren aurrean.

EITB FOCUS, Batzar Nagusiak, inkesta osoa (PDFa)

Elkarrekin koalizioak (Podemos Euskadi, Ezker Anitza-IU, Berdeak Equo eta Aliantza Berdea alderdiek osatzen dute) bi batzarkide galduko lituzke (4 izango lituzke, eta orain arte 6 izan ditu Elkarrekin Podemosek). Orotara, boto-emaileen % 8,4k bozkatuko lukete koalizio ezkertiarraren alde (duela lau urte, % 10,6k egin zuten).

PP izango litzateke Bizkaiko Batzar Nagusietan ordezkaritza izango lukeen azken alderdia, eserleku bakarra eskuratuta (2 lortu zituen 2019an).

EITB FOCUS

EITB FOCUS

Balorazioa

Oro har, Bizkaiko herritarrek balorazio positiboa eman diete hautagai gehienei. Hori bai, gutxi ezagutzen dituzte.

Hori horrela, nota altuena Elixabete Etxanobe EAJko zerrendaburuari eman diote (6,2), baina Iker Casanova (EH Bildu) ezagunagoa da. Hain zuzen ere, hautagai jeltzalea boto-emaileen % 31,2k ezagutzen dute, eta abertzalea, % 33,9k. Azken horren kasuan, balorazioa 5,9koa da.

Gainerako ahaldungai nagusiei dagokienez, Teresa Laespada PSE-EEko hautagaiak % 25eko ezagutza maila du, eta 5eko nota;  Eneritz de Madariagak (Elkarrekin) % 22,9 eta 4,9; urrunago, Raquel Gonzalezek (PP), % 18,7 eta 2,9; eta Niko Gutierrezek (Vox), % 14,1 eta 2.

Bihar, udal hauteskundeak

Asteartean, EITB taldeko hedabideek EITB Focus makroinkestaren hirugarren zatia publikatuko dute, udal hauteskundeetarako boto aurreikuspenekin.

Bizkaiko hauteskundeetarako aurreikuspenei dagokienez, Bilbo, Barakaldo, Getxo eta Basauriko emaitzak eskainiko dituzte. 

Metodologia

EAEn, 6.649 pertsona elkarrizketatu dituzte udal eta foru hauteskundeei buruzko EITB Focus berezia prestatzeko. Horietatik, 1.543 Araban izan dira; 2.483, Bizkaian, eta 2.623, Gipuzkoan. Nafarroan, aldiz, 1.204.

Inkestak otsailaren 27a eta martxoaren 17a bitartean zituzten EAEn, eta otsailaren 22a eta 27a bitartean Nafarroan.

Konfiantza mailari eta beste hainbat adierazle estatistikori buruzko informazio sakonagoa ezagutzeko, kontsultatu ikerketaren PDFa.