13:31

Politika

Zentsura mozioa

Kongresuak atzera bota du Voxek Sanchezen aurka aurkeztutako zentsura mozioa

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Espaniako presidente Pedro Sanchezek "iruzur konstituzionaltzat" jo du mozioa, eta Tamamesi aurpegiratu dio Parlamentuarekiko begirunerik ez izatea. Gainera, gogor kritikatu du PPko buruzagi Alberto Nuñez Feijoo Kongresuan ez egotea. 

0:44
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Egintzat jotzen zen, eta ezusteko bakarrarekin, Kongresuak atzera bota du Vox alderdiak Espainiako presidente Pedro Sanchezen aurka aurkeztutako zentsura mozioa. Ramon Tamames hautagai independentistak ez du, beraz, Gobernuko presidentetza "dastatuko". Egun eta erdi iraun duen eztabaida bukatuta, Ciudadanoseko diputatu ohi Pablo Cambroneroren babesa soilik jaso du ekimenak. Aurreikusitakoa betez, PPk abstenitzea hautu du, Santiago Abascalen aurreneko mozioan kontra azaldu bazen ere.

Onartua izateko Kongresuaren gehiengo osoa (176 boto) behar zuen mozioak, baina hortik oso urruti geratu da: 53 aldeko boto. 201 izan dira, guztira, kontra agertu diren diputatuak, baina oraingo honetan 2020ko zentsura mozioan baino abstentzio gehiago (91) zenbatu dituzte.

Behin bozketa amaituta, Voxeko diputatuak Tamamesengana hurbildu dira, ekonomialaria agurtzeko, alderdiak egindako eskaintza onartzeagatik eskerrak emateko eta eztabaidan eman dituen mintzaldiengatik zoriontzeko.

Sanchezek "iruzur konstituzionaltzat" jo du mozioa

Espaniako presidente Pedro Sanchezek "iruzur konstituzionaltzat" jo du mozioa, eta Tamamesi aurpegiratu dio Parlamentuarekiko begirunerik ez izatea. Gainera, gogor kritikatu du PPko buruzagi Alberto Nuñez Feijoo Kongresuan ez egotea. 

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchez. Argazkia: EFE

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchez. Argazkia: EFE

Haren esanetan, Konstituzioan jasotzen da mozioak gobernu berriak eratzeko aurkezten direla, "ez indarrean dagoen gobernu bat erorarazteko". Parlamentuan horrelakorik ikusi ez dela zehaztu du: "Ez zegoen presidente izateko hautagairik, ez zuten programarik, ezta gehiengorik ere".

Tamames eta Esteban, aurrez aurre

Ramon Tamames eta EAJren eledun Aitor Esteban ika-mikan aritu dira Kongresuan, ekonomialariak jeltzaileei "ildo autonomistari" jarraitzeko eta "euskal nazionalismoa aboratzeko" aholkatu dielako.

Alderdi guztietako ordezkariei batera erantzun badie ere, salbuespena egin du EAJrekin. Izan ere, Estebanek atzokoan egotzi zion nazionalistak "etsaitzat" hartzea eta "alde batera utzi nahi izatea".

Tamames eta Esteban, aurrez aurre, aurrez aurre. Argazkia: EFE

Tamames eta Esteban, aurrez aurre, aurrez aurre. Argazkia: EFE

Horren aurrean "euskal aferarekiko" interesa erakutsi du. 1976ko garaiak ahotan, Estebani erantzun dio Carabancheleko kartzelan egon zela orduan hitzaldi bat ematen, ETAko presoek eskatuta. "Orduan ere esan nuen ez nintzela horren aldekoa", nabarmendu du.

"Presoei esan nien Euskal Herrian etorkizun oparoa izango zutela, baina horretarako lan egin behar zutela. Ez zidaten kasurik egin, atentatuak egiten jarraitu zuten", erantsi du.

Oihuak, mitinak eta ezjakintasuna egotzi die ordezkariei Tamamesek

Ramon Tamames ekonomialariak agiraka egin die alderdi guztietako bozeramaileei eztabaidaren bigarren saioan, eta aurpegiratu die oihuka hitz egitea, saio parlamentarioak "mitin" bilakatzea eta Espainiako historiari buruz ezer gutxi jakitea.

Ramon Tamames Kongresuan

Ramon Tamames Kongresuan. Argazkia: EFE

Alderdi guztietako ordezkariei erantzun die Tamamesek, "arreta handiz" jarraitu dituela esan die, eta onartu du agerraldi interesgarriak entzun dituela, "CUPena baita". Zentsura mozioak ideiak kontrajartzeko balio izan du, bere ustez.

Amaieran, Gobernuari leporatu dio emakumeak "nahi eran" erabiltzea, eta gogorarazi du XVI. mendean Elisabet I.a Gaztelakoak "erregeak berak baino botere gehiago" zuela.

PSOEk uste du "benetako mozioa" PPri ezarri diola Voxek

PSOEk Kongresuan duen bozeramaile Patxi Lopezek adierazi du "benetako" zentsura mozioa PPren aurka ezarri duela Voxek, "nahiz eta gauza bera defendatzen duten bi alderdi diren". Abascalen atzoko hitzaldia gogoan, azpimarratu du denbora gehiago eman zuela PPko presidente Alberto Nuñez Feijoori buruz berbetan, Ramon Tamames hautagaia aurkezten baino.

PSOEren Kongresuko bozeramaile Patxi Lopez

PSOEren Kongresuko bozeramaile Patxi Lopez. Argazkia: EFE

Zentzu horretan, berretsi du eskuina eta eskuin muturra "onean zein txarrean" elkarrekin daudela, gauza bera direla, ideia berdinak defenditzen dituztela eta bien etorkizuna berbera dela.

Sozialistek Patxi Lopezen berbaldia txalotu dute. Argazkia: EFE

Sozialistek Patxi Lopezen berbaldia txalotu dute. Argazkia: EFE

"Loturarik gabeko PP" aldarrikatu du Gamarrak

PPren Kongresuko bozeramaile Cuca Gamarrak nabarmendu du bere alderdiak ez duela inolako "loturarik", eta, beraz, zentsura moziotik aldenduko dela, "alferrikakoa" dela iritzita. Tribunara igota, Gamarrak azaldu du PPk "bere bidea" egingo duela. Mozioari buruz, erantsi du "garaiz kanpo" datorrela, eta "antzua" dela.

Modu horretan arrazoitu du abstentzioa, eta gaineratu du ezin dutela alde bozkatu "espainiarrei zor diogun begiruneagatik"; ezta kontra ere, "zuri zor dizugun errespetuagatik" —Tamamesi zuzenduz—.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena