Itxi

Politika

MEMORIA ETA AITORTZA

Jaurlaritzak ETAren 52 biktimari aitortza egin die, 80ko hamarkadan gertatu eta argitu gabeko kasuetakoak

EITB Media

52 biktima horietako 11ren senitartekoek eskura jaso dute, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren aldetik, bere kasuaren "Oroitzapen eta Aitorpenerako Koadernoa". Melgosak "memoria duen etorkizuna" aldarrikatu du, biktimei bidegabea izan zela esan ahal izateko.

  • Melgosa, txostenak emateko ekitaldian.

    Melgosa, txostenak emateko ekitaldian. Argazkia: Irekia

80ko hamarkadan "ETAren terrorismoaren zentzugabekeriagatik galdutako 52 bizitzak" gogoan hartu nahi izan ditu gaur Eusko Jaurlaritzak eta merezi duten aitortza egin die "Oroitzapen eta Aitorpenerako Koadernoak" delakoak emanda 52 biktima horietako 11ren senitartekoei. Txostenok Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzak prestatu ditu, Terrorismoaren Biktimen Elkartearekin lankidetzan.

Txostenak emateko ekitaldia egin dute goizean egin dute Gasteizko Villa Suso Jauregian. Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak "memoria duen etorkizuna" aldarrikatu du, "egiazko memoria" duena, hartara, posible izango da, horren ustez, "biktimei begietara begiratzea eta bidegabea izan zela onartzea". 

"Oroitzapen eta Aitorpenerako Koadernoak" banatzen diren bigarren aldia da honakoa. Aurrez, lehen fase batean (2021eko abenduan), 1968-1979 aldiko argitu gabeko kasuenak bildu zituzten.  Oraingoan, ETAk 80ko hamarkadan egin, baina argitu gabe dauden atentatuetako 52 biktimen informazioa bildu da. 

Dokumentuetan ETAren terrorismoaren biktima horiek nortzuk izan ziren, nola bizi izan ziren eta nola hil zituzten jaso dute. Era berean, senideek Terrorismoaren Biktimen Elkartearen laguntzarekin emandako material grafikoa ere erantsi dute. Era berean, Iñigo Urkullu lehendakariak sinatutako agiri bat gaineratu dute txostenetan. Bertan, Jaurlaritzaren aitortza instituzionala "modu solemnean" jakinarazten zaio biktimaren familiari, egia eta justizia izateko eskubidea duten aldetik. Hilketa bakoitzaren bidegabekeria ere azpimarratzen du testuak. 

11 biktimaren senitartekoek jaso dute gaurkoan txostena. Honako hauek dira: Alfredo Ramos Vazquez, 1980ko urtarrilaren 23an Trapagaranen (Bizkaia) eraila; Alfredo Diez Marcos eta Jose Martinez Perez-Castillo, biak urte bereko otsailaren 1ean Ispasterren (Bizkaia) erailak; Luis Martos Garcia, (Irun, Gipuzkoa, apirilak 16) Julio Santiago Exposito Pascual, (Sestao, Bizkaia, ekainak 20); Joaquin Becerra Calvente, (Amurrio, Araba, uztailak 2); Mario Gonzalez Blasco, (Eibar, Gipuzkoa, abuztuak 2); Antonio Garcia Argente, (Markina-Xemein, Bizkaia, abuztuak 20); Jose Ignacio Ustaran Ramirez, (Gasteiz, irailak 29); Carlos Garcia Fernandez, (Eibar, Gipuzkoa, urriak 7) eta Juan de Dios Doval Mateos (Donostia, urriak 31).

"Ez dago hilketa bat justifikatzen duen arrazoirik, ez kausa politikorik, ez ez-politikorik. Ez zegoen. Ez dago. Ez da egongo", adierazi du Melgosak. Sailburuak gogorarazi duenez, bihar Terrorismoaren Europako Eguna da, eta data ETAren terrorismoaren biktimak eta terrorismoaren beste adierazpen batzuen biktimak gogora ekartzeko baliatu du. "Hilketa guztiak bidegabeak, guztiz bidegabeak izan direlako. Izan ere, terrorismoaren biktimen ama, emazte, alaba eta ahizpa guztiek zergatik galdera egin diote beraien buruari, negar egin eta min bera sufritu dute. Eta ziur nago guztiek etorkizun bera nahi dutela: indarkeriarik gabeko eta bakezko etorkizuna", nabarmendu du.